«Polita izango litzateke lehen ehun postuetan sartzea»

tolosa 2011ko urriaren 5a

Hawaii-en, triatloiaren sorterrian, dago Aimar Agirresarobe (Tolosa, 1981). Bertako Ironman-a Munduko Txapelketa modukoa da mota horietako triatloietan, eta aurtengoa larunbat honetan jokatzen da, hilaren 8an. Igeri 3,8 kilometro, bizikletan 180 kilometro eta korrika maratoia egingo dute. Denboraldia maiatzean hasi zuen Agirresarobek eta emaitza oso onak lortu ditu. Besteak beste, 13. egin zuen Ironman Regensburg proban, 3. Espainiako Distantzia Ertaineko Txapelketan, lehenengo Garaiko Ironman Erdian eta 8. Donostiako Nazioarteko Triatloian, Gipuzkako txapela lortuz triatloi olinpiarrean. «Orain arteko denboraldirik onena izan da emaitza aldetik, baina sentsazioak ez dira izan emaitzak bezain onak», dio. Bere jarduna aimaragirresarobe.blogspot.com helbidean jarraitu daiteke.

Noiztik zabiltza triatloian?

Orain dela zazpi bat urte hasi nintzen probatzen mundu hau. Duatloiarekin hasi nintzen. Betidanik korrika eta bizikletan ibiltzen nintzen nire aldetik. Azkeneko hiru-lau urteetan denbora asko eskaini diot.

Hortik bizitzea zaila izango da, ezta?

Orain nahiko modan dago triatloia. Urtetik urtera jende gehiago dago, eta diru gehiago mugitzen da. Jende gehiago bizi da horretaz, baina ondo bizi direnak gutxi batzuk dira.

Zu ez zara profesionala, baina beraien mailan aritzen zara?

Denak batera lehiatzen gara. Eneko Llanos, esaterako, munduko onenetakoa da, eta bere mailara ez gara iristen, baina profesional askoren mailan bagaude. Tolosan, behintzat, bizpahiruk profesionalen aurretik egin dugu proba askotan. Gero, zenbaitzuk bere burua ondo saltzen dute.

Atletico San Sebastian klubean zaude. Zertan laguntzen dizu?

Klubak Euskal Herria eta estatu mailan laguntzen digu izen emate eta bidaia gastuetan. Hori laguntza handia da. Nazioarte mailan, bakoitza bere aldetik moldatzen da. Gero, klubaren bitartez eta gure aldetik, saiatzen gara hainbat markarekin harremanetan jartzen laguntza lortzeko. Dirua baino, materiala edo deskontuak lortzen dira. Hiru kirol dira, eta hiruentzako entrenatzeko eta lehiaketarentzako materiala behar duzu, elikadura,...

Entrenatzailea duzu?

Ramon Elkoro entrenatzailearekin hasi nintzen, eta berarekin jarraitzen dut. Urtero joan naiz hobetzen eta bera da honaino iritsi izanaren errudunetako bat.

Bigarren aldiz egin behar duzu Hawaii-ko Ironman proba.

2009an egon nintzen, baina bizikletarekin erorikoa izan nuen. Proba bukatu nuen, baina beti gelditu izan zait arantza hori: nola egin ahal izango nuen, zer marka egingo nuen... Hasiera batean ez nuen pentsatzen joatea, baina familiak bultzatuta berriro animatu naiz, nahiz eta denbora asko ez izan prestatzeko.

Proba nolakoa den ezagutzen duzu, behintzat.

Badakit zer topatuko dudan han.  Aurkari gogorrenetakoak hezetasuna eta beroa dira. Hori hemendik bilatzea zaila da. Klimak gogortzen du klima.

Nola sailkatu zara proba garrantzitsu honetara joateko?

Ironman frankizia bat da. Munduan zehar proba batzuk daude,  eta bakoitzean bi maila: profesionalak eta amateurrak. Profesionalek sailkatzeko modu bat dute, aurten berria dena, eta amateurrek leku kopuru jakin bat dute. Leku horietan sartzen bagara, aukera duzu joateko edo ez. Ni aurten Alemanian egon nintzen abuztuko lehenengo asteburuan, Regensburg-en, eta sailkapen orokorrean 13. egin nuen, eta nire mailan laugarren. Bost leku zeuden, eta, beraz, niri zegokidan joatearen ala ez joatearen erabakia.

Zein da zure helburua Hawaii-en?

Ahalik eta ondoen egitera joango naiz. Abuztutik orain arte atsedena hartu eta berriz forma hartzea ez da erraza. Buru-belarri ari naiz entrenatzen, eta helburua bederatzi ordu eta erditik jaistea da.  Hori lortzeko aukerarekin banago, ez da gutxi izango, azkenean lortzen ez badut ere.

Zein da zure marka distantzia horretan?

Nire marka bederatzi ordu eta minutu bat da. Baina ikusita hango klima, eta igeri neoprenorik gabe egin behar dela, bederatzi ordu eta erditik jaistea niretzat marka oso ona izango zen.

Eta postuari dagokionez, zer duzu buruan?

Ez dakit nola joango den. Parte hartzen duten kirolarien arabera izango da. Aurten profesionalen kopurua aldatu egin dute eta ez dakit zenbat izango diren. Uste dut posible dela lehenengo ehunen artean sartzea, eta polita izango litzateke. Hortarako, gauzak ondo atera behar dira. Hilabeteak entrenatzen eman eta gero  egun horretan dena perfektu atera behar zaizu: tripak ondo izan behar dituzu, gorputza fresko eduki...

Materiala haraino eramateko, batez ere bizikleta, nola moldatzen zara?

Bizikletarentzako kaxa berezi bat eramaten dut, Tolosako IBK dendatik hartzeko aukera izan dudana. Aurrekoan joan nintzenean, arropa asko eraman nuen, baina oraingoan galtza motzak eta kamisetak eramango ditut. Gehienez, jertse potolo bat hona itzulten naizenerako.

Zuk ordaindu behar izan dituzu gastu guztiak?

Nik kudeatu dut dena, bai izen ematea, bidaia eta bertan egongo naizen egunak... Behin dena antolatzen ari zarela, saiatzen zara ahal duzun tokitik laguntza lortzen. Tolosako Udalak lagundu dit, esaterako, eta nire aldetik beste gauza batzuk lortu ditut: elikadurari dagokionez etxe batek eman dizkit produktuak, Zirauna etxeak lagundu dit arroparekin,... Horrez gain, kamisetak atera ditut eta ea horrekin ere laguntza pixka bat jasotzen dudan.

Antolakuntza aldetik nabaritzen da Ironman garrantzitsuena dela?

Europan ere badaude antolakuntza oso ona duten probak, Hawaii-koaren parekoak. Hawaii-en atletsimo, igeriketa eta bizikleta arloko marka askok egun horietan joaten dira beraien produktuak aurkeztea.

Triatloiko hiru kiroletatik, zeinetan moldatzen zara hobekien?

Hiru kiroletan bakarka hartuta, ez naiz onena ezertan. Hiruak batera hartuta ondo moldatzen naiz. Igeriketa da nire zatitik ahulena, eta bizikletan postuak aurreratzen joaten naiz. Korrika erdibidekoa izango litzateke, baina azkeneko urteetan asko hobetu dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!