36 zaldunek parte hartu dute Bedaioko IV. Zaldi Raid-ean

tolosa 2011ko irailaren 28a

Eguraldi ezin hobean egin zuten Bedaion IV. Zaldi Raid Lasterketa. 36 zaldi hartu zuten parte, eta Bedaioko Olaia Aristegi eta Leizure Alonso izan ziren lehen eta bigarren sailkatuak. Ondoren Josune Unanue eta Nagore Larralde hirugarren eta laugarren sailkatu ziren. Partaide horiek sari berezia izan zuten Albaitacken eskutik eta parte hartzaile guztiek Alegi pentsuak eskainitako pentsu zakua eraman zuten.

Gernika, Lesaka, Leitza, Irun, Errenteria, Oiartzun, Zubieta, Lasarte eta Tolosaldeko beste hainbat herritik joan ziren zaldunak. Albaitarien azterketa pasatu ondoren, goizeko bederatziak aldera hasi ziren lasterketako irteera puntutik pasatzen.

Bi fasetan banatu zuten antolatzaileek lasterketa, eta ordu bat eta 16 minutu behar izan zituzten gutxienez parte hartzaileek zirkuituko 15 kilometro gogorrak burutzeko. Bedaion paisai eta pagadi ederrak badira, eta aldapak ere bai. Ondoren, giro ederrean, Abaetxe jatetxean zaldi festa jarraitzeko asmoa zutenek bazkari eder bat izan zuten.

Artubi elkarteko kideek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten guztiei. «Hurrengo urtean errepikatzeko asmotan geratu dira», elkarterik azaldu dutenez. «Nola ez, bertako laguntzaile guztiei ere eskerrak ematen dizkiegu, bedaiotarrik gabe ez baitago honelako zaldi lasterketarik burutzerik eta».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!