Bihar emango diote azken agurra Antxon Bandresi

tolosa 2011ko irailaren 27a

Atzo arratsaldean, 19:30erako aurreikusita zegoen osoko bilkura bertan behera geratu zen.  Antxon Bandres ezbehar batean hil zen 63 urterekin, Urkizun zuen baserrian belarra mozten ari zela; buruan harri batekin kolpe bat hartu zuela azaldu dute Bandresen senideek.

Bandresen gorpuari autopsia burutu eta gero, gaur arratsaldean eramango dute Oria beilategira. Hileta elizkizuna, berriz, bihar izango da Santa Maria elizan, 19:00etan.

Tolosarren artean maitatua

Euskadiko Ezkerraren ordezkari bezala, Tolosako Udaleko zinegotzia izan zenak, emaztea eta bi seme zituen. Pasa den maiatzaren 22ko hauteskundeetan, EAJko hautetsien zerrendan aurkeztu zen.

1970ean Biologia ikasketak amaitu zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta handik bi urtera, Medikuntza eta Kirurgia ikasketak amaitu zituen, unibertsitatea berean. Lanbidez, beraz, medikua zen, erradiologian espezialista; Asuncion klinikan lan egiten zuen gaur egun.

Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteako Antropologia Fisikoa saileko kidea zen. Euskal  Mendizale Federazioko lehendakariordearen postua zuen gaur egun, hainbat urtetan zehar lehendakari lanetan aritu ondoren.

Tolosarren artean gizon ezagun eta maitatua zen, eta herriko hainbat ekimenetan parte hartzen zuen. Besteak beste, abenduaren 24an Olentzeroren larruan sartzen zen haurrei irribarreak eraginez, eta inauterizale amorratua zen. San Joan jaietako egitarauan ere parte hartzen zuen, eta Andia Kultur Elkarteko kidea zen; pasa den udaberrian ospaturiko Napoleon garaiko alardean, antolatzaile lanetan aritu zen Andiako bere kideekin batera.

Osoko bilkura bertan behera

Astearte iluntzean, osoko bilkura 19:30ean hastea aurreikusita zegoen, Bildu eta Aralarrek osatutako udal gobernuaren lehen 100 egunen balantzea baloratzeko, besteak beste.

Heriotzaren berria jaso zutenean, EAJko udal ordezkariek plenoa atzeratzeko eskatu zioten Ibai Iriarteri. Alkateak, atsekabean bat egin zuen zinegotzi jeltzaleekin, eta «doluminak eta besarkadarik beroenak senideei» eskaini zizkien.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!