EAJ : «Partehartzea eta gardentasuna defendatzen duen Bilduk badu zer hobetua»

tolosa 2011ko irailaren 26a

Tolosako EAJ alderdiko zinegotziek, udalaren 100 eguneko balorazioa egin dute. Jokin Bildarratz ezik, gainontzeko zinegotzi guztiak Zerkausian elkartu ziren. Bilduren aurrera begirako programan «ezer gutxi dagoela berria» adierazi zuten. EAJaren agerraldia, Bilduk pasa den astean egin zuen batzarraren harira etorri da.

Hasieratik garbi utzi zuten ez zaiela egokia iruditu Bilduk jarraitu duen prozedura.  Hauteskundeak irabazi ostean,  legealdiko programa idatzi zuten,  eta horixe bera «zehaztu» dutela adierazi zuten. Txostena amaitua eta borobildua izan da, eta gizarteratu baina ez dutela egin esan zuten. «Gonbidapen zabala egin zuten, eta guri ere, tolosar guztiei bezala txostena eman zaigu. Baina horren inguruan ez da inolako eztabaidarik eman» azpimarratu zuten.

Eztabaidatzeko eta proiektuak adosteko, udalean foroak eta batzorde informatzaileak daudela gogorarazi zuten, eta «hori ez dela eman» argitu zuten. «Partaidetza eta gardentasuna aldarrikatzen duen alderdi batek era horretan jokatzea ez zaigu iruditzen zilegi denik, eta badutela zer hobetua uste dugu» esan zuten EAJko zinegotziek.

«Anbizio falta»

 

Txostena irakurri ostean, atera duten lehen ondorioa, «nagusiki lehendik dauden proiektuen jarraipena dago». Egindakoen artean, eta normala dela adierazi zuten, «ia guztiak, lehendik abian zeudenak dira».  Aurrera begira eta epe ertainean planteatzen diren proposamen gehienak, «abian jarritako proiektuak dira» azaldu zuten.

Berritasunak ere badaudela adierazi zuten, «EAJk martxan jarritako zenbait proiektu gelditu egin dituzte. Berritasun handiena, proiektu estrategiko eta inportanteak gelditu egin dituztela izan da».

Bilduk aurkeztu duen programari «anbizioa» falta zaiola azpimarratu zuten, eta «ez dugu ikusten esku artean tolosarrei ilusioa emango dien proiekturik dutenik». Orokorrean, proiektu berrien falta dagoela adierazi zuten, eta, «garai txarretan anbizio gehiago behar da» azpimarratu zuten.

 

Zorpetzearen zergatia

Krisi kontuak aipatuta, auditoria egina dagoela esan zuten, eta udalak urtero egiten duela kanpo auditoria. Argi utzi zuten, «aurrekontuak errealitateari begiratuta  eginda daude, eta ez dira fikziozkoak».

Honekin gogoratu nahi zuten, «kanpainaurrean askotan entzun zen EAJk arduragabekeriaz jokatu zuela, eta gezurra esanez ibili zela. Beraz esan behar da udal korporazio berriak uztailean auditoria ikusi ahal izan zuela, eta azterketa egiteko aukera izan duela» aldarrikatu zuten.

Bestetik, udalaren egoeraren zenbait datu ez direla zuzenak esan zuten, eta Foru Aldundiak argitaratu duen udal gidan agertzen direla azaldu zuten,  «Tolosako Udalaren zorpetze maila %6,20koa da, hau da, Gipuzkoako herrien bataz bestekoaren antzekoa (%5,99) da, eta ez %16koa hasiera batean esan zen bezala».

Zorpetzearen zergatia ere argitu nahi izan zuten, «Usabalgo kiroldegiagatik dator. Hogeita lau milioi euro kosta zen, eta gaur egun 12 milioiko zorra du, beste zor batzuen artean. Epe luzerako zorra da. Baina gu oso arro gaude Usabalgo kiroldegiarekin. Ez dago horrelako azpiegiturarik ez Gipuzkoan, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Eta gainera, ez dago udalerririk, non bere biztanleriaren %30a bazkide duenik».

Bilduren txostenak krisialdiaren aipua egiten duela diote baina krisialdia, «ez da 2011. urteko kontua», 2007. urtetik datorrela gogoratu zuten, eta udala ez dela geldirik egon behar azpimarratu zuten. «Krisiak ilusioa pizten duten gauzak egin behar ez direnik ez du esan nahi, bideragarriak diren neurrian gauzak aurrera atera behar dira» azaldu zuten.

«Zumalakarregi kalea, Musika Eskola, Topic, Euskal Herria plaza, Gernikako Arbola martxan jarri dugu, Lehiberri oso osorik kanpo finantzazioarekin abian da,…badago zer egina eta dirua biltzea estrategikoa da»,  gaineratu zuten. Diru laguntzak lortzeko saiakera gehiago egin behar direla azaldu zuten, eta «proiektuak bideragarriak direnean, kredituak eskatu behar badira, eskatu egin behar dira».

 

Hutsuneak programan

Bilduk aurkeztutako programan ikusi dituzten hutsuneak ere azpimarratu zituzten. Enpleguaren sustapena egiteko «ez da lantzen enplegu programa sakon bat, eta langabetuak lanposturatzeko beharrezkoa den etengabeko prestakuntza programarik ere ez da zehazten».  Bestetik, landa auzoetarako azpiegitura falta ikusi dute, «Landa auzoak ia guztiz ahaztu egin dira. Urkizuko, Bedaioko, Aldabako eta Montezkuko azpiegituren planik ez da aipatu ere egiten, eta harrigarria iruditzen zaigu».

Bukatzeko, urte anitzeko finantza planaren inguruan aritu ziren. EAJk, aurrekontuak elkarlanean burutzeko eskatuz uztailean Bilduri  eskutitza bidali ziotela argitu zuten. Oraindik erantzunik ez dutela jaso esan zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!