Esku-hartze sozialean lan egiten duen Lahar Elkargoak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Sailaren diru laguntzaz, denbora kudeatzeko ikastaroa izango da datorren urriaren 3tik 7ra. Kultur etxean izango dira, 18:00etatik 21:00etara bitarteko saioak.
‘Denboraren kudeaketa. Nola probestu denbora elkarteetan?’ deiturapean, Rafael Martin eta Jesus de Agustin hizlariek gidatuko dute doakoa izango den ikastaroa.
Denboraren antolakuntzaz
Lahar Elkargoa, berez adineko pertsonei zuzenduriko elkarte bezala jaio zen. Gaur egun, ordea, erabiltzaile talde desberdinei zuzendutako zerbitzuetan aritzen dira lanean: familiekin, emakumeekin, haurrekin eta gazteekin, besteak beste. Tolosako kultur etxean ospatuko dituzten saioak, bereziki elkarteetako arduradunei begirakoak izango dira.
Ikastaro honetan, denbora kudeatzen, edo denbora ez galtzen irakatsiko dute. Izan ere, antolatzaileen arabera, denbora galtzea zaharkituriko ohituren ondorio izaten da; hala ere, «gizakiok ohitura berekin jarraitzeko joera dugu, eguneroko funtzionamendurako eredu gisa erabiltzen baititugu ohitura horiek». Lahar Elkargoko arduradunek, «ia beti lan bera modu desberdinetan egin daitekeela» defendatuko dute, eta horretarako teknika desberdinak landuko dituzte.
Horrela beraz, jomuga nagusia denbora galtzea eragiten diguten ohiturak moldatzea izango da, aldaketa pertsonal bat bideratzeko.
Ikastaro dinamikoa
Metodologiari dagokionez, lan egiteko modua parte-hartzean oinarrituko dute.Ideia nagusietatik abiatuko dira hasteko, gero kasu zehatzak praktikan jartzeko.
Gehienez ere, 20 lagunek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko, ade batetik bi telefono izango dira: 663 05 72 23 eta 943 42 80 13. Bestela, formakuntza@laharelkargoa.org edo gizalde@gizalde.com helbide elektronikoetan ere inskripzioak egiteko aukera izango da.