Tolosako Hodei abesbatzak Alemaniako Eurotreff jaialdian parte hartu du

tolosa 2011ko irailaren 14a

Alemaniako Wolfenbütell hirian izan da, David Azurzak zuzentzen duen Hodei abesbatza. Duela urte bete inguru sortutako abesbatza da, iazko Eguberrietan egin baitzuten aurkezpen kontzertua. 17 urtetik 25 urtera bitarteko neska gazteak biltzen dira kantatzeko, eta guztiak Hodei Truk-eko kantariak edo kantari ohiak dira.

Hannover-etik oso gertu dagoen Behe Saxoniako hiri honetan  egin duten lau eguneko egonaldian, Festival Eurotreff 2011 jaialdian parte hartu dute. Hodei abesbatzak parte-hartze eskaera bidali zuen Gazte Abesbatzen Alemaniako Federazioak antolaturiko jaialdi honetara, eta beste hainbat abesbatzaren artean aukeratua izan zen talde tolosarra.

Jaialdiko irekiera ekitaldian, 18 parte-hartzaileetako bakoitzak obra bat interpretatu behar izan zuen. Hodei abesbatzak David Azurza zuzendariaren ‘Tirikitrauki’ abestu zuen, eta arrakasta handia lortu zuten.

Elkarlana beste abesbatzekin

Jaialdiko egitarauaren barruan, Hodei abesbatzako kideak Varna-ko (Bulgaria) abesbatza batekin elkarlanean aritu ziren.

Alexander Burda zuzendari alemaniar entzutetsuaren gidaritzapean, tailer musikalak egin zituzten, inguruko eliza nahiz eskoletan kontzertuak eskainiz. Tailer hauetan landurikoa jaialdiko itxiera ekitaldian jarri zuten praktikan; Bulgariako eta Tolosako neskek zenbait lan eskaini zituzten Alexander Burdaren zuzendaritzapean. Euren ahotsei lagunduz, berriz, Bielorrusiako Molodchensko-ko Balalaika orkestra aritu zen.

Tolosako abesbatzako kideek azaldu dutenez, «esperientzia oso aberasgarria izan da, bai alde musikaletik, baita giza harremanen aldetik ere».

Larunbatean kontzertua

Datorren larunbatean, hilak 17, Hodei abesbatzak kontzertua eskainiko du Eduardo Mokoroa musika eskolako areto nagusian. Ekitaldia iluntzeko 19:30ean hasiko da, eta musikariak izango dituzte alboan. Alde batetik, Aitor Iraola ariko da pianoan, eta klarinetearekin, berriz, Luis San Sebastian.

Bestalde, Hodei Truk abesbatza lanean hastear da berriro ere. 2012an, gainera, taldeak 25 urte beteko ditu, eta ekimen bereziak antolatuko dituzte. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik hasi, eta Batxilergo mailara bitarteko gazteek izena eman dezakete 649 70 12 51 telefonora deituta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!