Garagardo Festa bandaren doinuekin hasiko da

tolosa 2011ko irailaren 14a

Tolosako Musika Bandaren emanaldiak emango dio hasiera bihar, Tolosako XIII. Garagardo Festari. Irekiera ofiziala 18:00etan izango da, eta 20:30ak inguruan hasiko da kontzertua.

Urteroko moduan, ordutegia arratsaldetik gauerdira artekoa izango da; horrela beraz, bihar hasi eta igandera bitarte, 18:00etatik 00:00etara izango da askotariko garagardoak dastatzeko aukera, Zerkausian.

Guztira 23 garagardo desberdin izango dira aukeran. Betiko moduan, batzuk arruntak izango dira eta 2,5 euroko prezioa izango dute. Garagardo bereziek, berriz, 3,5 euroko salneurria izango dute.  Ohiko moduan, pitxarrak nahiz garagardoentzako txartelak Zerkausiaren alboan jarriko duten postuan erosi beharko dira.

Edariarekin batera, sabela betetzeko aukera ere izango da. Besteak beste, Bratwust eta Frankfurt saltxitxak, burruntzia, txerri ukondoa eta postreak afaldu ahal izango dituzte 1.200 lagunek.

Kirol taldeentzat bultzada

Garagardo festa herriko hainbat kirol talderentzat finantziazio iturria izaten da.

Tolosako Udalaren laguntzarekin antolakuntzaz arduratzeaz gain, eurek prestatzen dute Zerkausiko jantokia. Gutxi gorabehera, 200 lagun aritzen dira lanean garagardo festak irauten duen lau egunetan. Horrela beraz, Tolosaldea IKT, Tolosa C.F. nesken txirrindulari taldea, Judo Club Tolosa eta Igarondo Urpekoak kirol takdeetako kideak ariko dira XIII. Garagargo Festan lanean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!