Helduak ere borrokan tinko

tolosa 2011ko irailaren 13a

Jubilatu eta pentsiodunek, ikasturte berria hasi zuten atzo goizean, Tolosan. Kultur Etxean elkartu ziren hilero egiten duten batzarra egiteko. Gipuzkoako LAB sindikatuko jubilatu eta pentsiodunak dira, eta beraien eskubideen defentsan lan egiten dute. Dagoeneko lau urte eta erdi daramatzate lanean.

Oporren bueltan, atzo izan zuten lehen batzarra. Garbi dute, jubilatuek eta pentsiodunek «borrokan tinko» jarraitu behar dutela. «Kopagoari eta pentsioen izozteari ezetz» esaten diote. «Zahar-etxe publiko gehiago, pentsio duinak eta alargunen pentsioak %70ekoak izatea» eskatzen dituzte, eta «erreformak = miseria» direla diote LAB sindikatuko pentsiodun eta jubilatuek.

Aurreko aktaren errepasoa egin ostean, jendeak hitza hartzeko aukera du batzarretan. Eskualdeko jendeaz gain, Azpeitia, Andoain, Eibar, Soraluze, Oñati, Segura, Ataun, Bergara, Errenteria, Donostia,... herriak izan dira ordezkatuak. Ikasturte berria ia 50 lagun elkartuz hasi dute.

 

Udalekin lan egiteko prest

 

Maiatzeko hauteskundeen ostean, udal ordezkari berriak daude herrietan. Hori dela eta, jubilatu eta pentsiodunek egin beharreko lehen lanetako bat, gizarte zerbitzuei dagokion udal ordezkariarekin elkartzea dela argitu zuten. Dagoeneko batzuk jo dute bere herriko udalaren atea, eta batzarrean esperientziak trukatu zituzten.

Herri bakoitza mundu bat da,  eta lehenik eta behin, herriaren egoera zein den argitu beharko dute: zaharren etxeak, jubilatuen elkarteak, egoera ekonomikoa,...  «Zer garen eta nora goazen  ahaztu gabe, gure mezua zabaldu eta luzatu behar diegu udaletxeetan» azpimarratu zuten. «Gauzak konpontzera goaz, eta parte hartuz laguntzera» gaineratu zuten. «Sinesgarritasuna lortu behar dugu».

Lan ildo asko daude  jorratzeko baina jubilatu eta pentsiodunek, gizarte zerbitzuen barruan, heldu eta jubilatuen eskubideak aldarrikatu behar dituzte. Horren barruan, emakumearen egoerari ere heldu behar diotela garbi adierazi zuten. Esaterako, udal eta foru ordenantzetan, bereizketa positiboko proposamenak eginez. Lehentasunen artean berriz, «zaharren egoitzak, etxez-etxeko laguntzak,menpekotasun legea,... » aipatu zituzten.

«Zerbait lortuko bada, mugitu egin beharra dago, eta herrigintza bultzatu behar dugu» diote LABeko ordezkariek. Urtea bukatzerako udal aurrekontuak onartzen direla eta, heldu eta pentsiodunek, beraien herrietan presente egon behar dutela azaldu zuten. Gizarte zerbitzuak publikoak eta kalitatezkoak izan behar dute.

Era berean, osasun zerbitzuak, unibertsalak, publikoak eta kalitatezkoak behar ditugula aldarrikatzen dute; «kopagoa, lehendik ordainduta duguna berriro ordaintzea litzateke» gaineratu zuten.

Baina beraien lana herrira eta udaletxeetara bakarrik ez dute mugatu nahi. Gipuzkoako Foru Aldundian ere atea joko dute. Eztabaida sortu zen; nola, nork eta zer eskatu behar duten garbi eduki behar dutelako. Beraiek ere etxeko lanak ongi egin nahi dituzte, eta gaia, Ordizian egingo duten batzarrera atzeratzea erabaki zuten.

 

Pribatizazioa hizketa gai

 

Batzarraren azken puntuan, Gipuzkoako Kutxaren bankarizazioa izan zuten hizketa gai.  Kezka agertu zuten, egin nahi dutenaren aurrean, eta «pribatizazioaren aurka» daudela garbi utzi zuten. Era berean, zenbait udaletxeetan egin diren pribatizazioak ere salatu zituzten, eta aurrera begira, udaletxeetan egin nahi diren kontratu moten gainean egoteko beharraren garrantzia ere aipatu zuten. Zaharren egoitzetatik hasi eta garbiketa kontratuetaraino.

Kutxaren bankarizazioa dela eta, protesta egitearen garrantzia atera zen, eta guztien artean, bozketa egin behar dutenean, hau da, hilaren 23an, elkarretaratzea egitea erabaki zuten Donostian. Lekua eta ordua, datozen erabakiko dituzte, eta deialdia luzatuko dutela azaldu zuten.

Bi orduko batzarraren ostean,  eta etxeko lanak  zeintzuk diren apuntatuta, elkarretaratzea egin zuten Trianguloa plazan. Gure eskubideak defenda ditzagun, borrokan tinko lemapean.

Aldarrikapenerako mezuekin batera, bertsoa ere egina dute jendearen artean banatzeko:   Bizi guztia lanean, beti gerokon pentsatzen/ Eta iritsi ta gero, ez dugu ezer ulertzen. / Jubilatu eta alargunak, nola gaituzten baztertzen. / Eta Madrilen eroso, gure kaxatik lapurtzen. / Hitz politekin ez dugu pentsio duinik lortzen. Eta ez dugu lortuko, ez badugu borrokatzen. Hortik gure deiadarra, LABeko kideei zabaltzen / Asko gera Euskal Herrian, ta hasi gaitezen biltzen.  Jarraian, eta ohitura onei jarraituz, kideen gehiengoa bazkarira joateko prest agertu zen. Ziur, mahaiaren bueltan eserita, batzarrean jorratutako gaiek jarraipena izango zutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!