Aurten ere alde egin die Kontxako Banderak Getaria-Tolosako neskei

Ataria 2011ko irailaren 12a

Malko artean lehorreratu zuten Getaria-Tolosako neskek, Urkabe trainerua; pasa den igandean, ezin izan zuten Kontxako Bandera eskuratu.

Lehen jardunaldian galdutako bost segundoak berreskuratzeko intentzio osoz sartu ziren ur donostiarretara Getaria-Tolosako arraunlariak. Zozketan bigarren kaletik joatea egokitu zitzaien, eta indartsu hasi zuten lehen luzea.

Bi faboritoak, Getaria-Tolosa eta Galizia, ia batera iritsi ziren kanpoaldeko balizetara, eta Zumaiako trainerua ere gertu izan zuten joanekoan. Irteeran, galiziarrak sagundo bat aurretik jarri ziren arren, estropadaren burua askotan aldatu zen taldez, balizara bitarte. Horren erakusle izan zen ziaboga, izan ere, segundo berean eman zute Getaria-Tolosak eta Galiziak, 5:49minutuko denborarekin; Zumaiarrak 4 segundo beranduago iritsi ziren ziaboga puntura, baina 9 segundo gehiago behar izan zituzten, maniobra zabala burutu baitzuten. Honek tarte handiagoa eman zien bai galiziarrei, baita gipuzkoarrei ere.

Itzulerako luzean, parean ziren Urkabe eta Rianxeira ontziak, eta norgehiagokaren unerik estuenak izan ziren. Santa Klara uhartera iritsi baino metro batzuk lehenago, ordea, galiziarrek olatu txikiren bat hartu, eta hiru segundo aurretik jartzea lortu zuten. Traineru bateko aldeari eutsi egin zioten Getaria-Tolosakoek, baina behin badia barruan, olaturik gabe, ez da lan erraza errenta hori gainditzea.

Hala ere, azken txanpara arte ez zen estropada erabaki, Urkabe traineruak erreakzio bat izan baitzuen. Segundo bat jan zioten galiziarrei, eta Olatz Aldalur patroiak lehenengo kalera bideratu zuen trainerua. Bi taldeak 40 paladako erritmoan helmugaratu ziren, baina Getaria-Tolosak hiru segundo gehiago behar izan zituen.

Gauzak horrela, Galiziak 22:10 segundoko  denborarekin, 2011ko Kontxako Bandera irabazi zuen berriro. Tolosarrek eta getariarrek berriz, 22:15 segundoko marka egin zuten, bi jardunaldietako denborak batuta.

Harrera arraunlariei

Arratsaldean, harrera egin zieten neska arraunlariei, bai Tolosan, baita Getarian ere. Denboraldi osoan irabazitako banderak astindu zituzten neskek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!