Larrañaga: «Estropada bikaina eginez, bandera salbatzea lortu genuen»

tolosa 2011ko irailaren 5a

Kontxako Banderaren lehen jardunaldia oso lehiatua izan zen emakumezkoen mailan. Getaria-Tolosa traineruak hirugarren amaitu zuen, Zumaiatik bost segundora eta Galiziatik segundo batera, baina Anjel Larrañaga entrenatzaile tolosarrak balantze baikorra egiten du: «Bi talderen atzetik goaz, baina arraunlariek estropada bikaina egin zuten, eta emaitzarik onena lortu zuten: bandera salbatzea».

Zumaiarrek ez zutela behar bezala laugarren kalea aprobetxatu dio Larrañagak: «Ez zuten Bandera erabakita utzi. Bost segundoko abantaila eskura dugu, bai guk eta baita galiziarrek ere». Emakumeen estropadan, itsaso mugitua bazegoen ere, kaleen zozketak eman zien abantaila zumaiarrei. Larrañagak dioenez, «Santa Klarako uharteak eman zien babesa. Bai gureek eta bai galiziarrek hasiera indartsua egin zuten, baina haizearen eragina lehenago nabaritu zuten zumaiarrek baino. Gero, olatuak ez ziren uhartean puskatzen, Aquariumaren parean baizik, eta horrek  gureei arazoak eragin zizkieten».

Hurrengo igandean jokatuko dute bigarren jardunaldia. «Guk, ostiraleko sailkapen proban bezala, gure maila ematen badugu, zumaiarrei bost segundo baino gehiago atera ahal dizkiogu. Kontua da igandean zorte txarra ez izatea, hau da, beraiek kale onena eta guk txarrena ez izatea. Gure arraunlariek igande honetako jarrera erakusteko gai badira, gure teilatuaren gainean izango da pilota».  Kontxako Bandera ez dela irailean irabazten dio Larrañagak: «Bandera irailean jaso egiten da. Neguan egiten den lana eta sakrifizioak ematen du, eta hori guztia egina dugu. Orain, tristea izango zen, zorte txarrarengatik bandera ez lortzea».

Mutiletan, erabakita

Larrañaga bigarren entrenatzailea da Astilleron eta  «ezintasuna» sentitu zutela esan du. «Oso ondo prestatu genuen estropada hau, eta hori sailkapenean ikusi zen. Baina itsasoak eta haizeak estropada hankaz gora jarri zuen». Urdaibaik irabazi zuen lehen jardunaldia, eta bigarrenari, Kaikuri, 33 segundo atera zizkion. Emakumezkoen estropadan egongo den emoziorik ez da izango, beraz, gizonezkoetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!