Tolosako Udala osatzen duten Aralar eta Bilduk, Juan Mari Jauregiren oroimenezko monolitoak jasandako erasoa «arbuiatu» zuten herenegun, ohiko udal batzordearen bilkuran. Horrez gain, Legorretan aurkitzen den «oroitarriak izan dituen kalteen konponketan laguntzeko konpromisoa» adierazi zuen udalak.
Bilduko zazpi zinegotziren eta Aralarko bakarraren aldeko botoekin onartu zuen mozio alternatibo hau udalak; PSE-EEk eta EAJk aurka bozkatu zuten. Izan ere, Jan Mari Jauregiren inguruko mozioa PSE-EEren zinegotziak, Jose Ignacio Asensiok, aurkeztu zuen lehenik. Ondoren, EAJren eta Bildu-Aralarren mozio alternatiboak iritsi ziren.
Ibai Iriarte alkatearen esanetan, «mozioa aho batez onartu ez izana denontzako da kaltegarria». Horrez gain, «bidea egiten» jarraitu beharra dagoela aldarrikatu zuen, elkarrekin topo egingo dutenaren esperantza azalduz. EAJren izenean, Jokin Azkuek hitz egin zuen. Euren mozioaren aldeko defentsa egin zuen, eta Iriarterekin ados agertu zen, mozioa aho batez onartzearen abantailez hitz egiterakoan. Helburu hori lortze aldera, euren mozioan Sorturen estatutuetan agertzen dena jarri zutela ere azaldu zuen EAJren ordezkariak.
PSE-EEren ordezkari bakarrak, Asensiok, udalari ETAren historia osoa gaitzestea eskatu zion. Arnaldo Otegiren hitzak ere gogora ekarri zituen: «Batzuk ETA soberan dagoela esaten dute, beraz, behin betirako desagertzeko zergatik ez duzue eskatzen?». Aralarko Iñaki Irazabalbeitiak azkenik, PSE-EEren ordezkariari, elkarren artean adostasuna lortzeko euren hizkuntza aldatu beharra izango dutela aipatu zion.
Udalak onartutako mozioak bost puntu ditu, eta oinarrian Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako mozioa aurkitzen da, Ibai Iriartek azaldu zuenaren arabera.
Mozioaren bost puntuak
Lehen puntuan, «garai berrien aldeko» konpromisoa adierazi zuen udalak. Bigarren puntuan, bakea eta demokrazia aldarrikatu zituzten, «ezinbesteko osagai bezala» . Hirugarrengoak honela dio: «Bakea eta demokrazia eskubide norbanakoaren zein kolektibo guztien, zibilen hala politikoen berme bezala ulertzen dugu, besteren artean, euskal herritarrok askatasunez eta inposaturiko mugarik gabe herri honen etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidearen berme bezala, beraz». Laugarren puntuan, «garai berrirako bidea» guztion artean egitea «ezinbestekoa» dela aipatzen da. Azken puntuak, bosgarrenak, honela dio: «Juan Mari Jauregi zenaren senitarteko eta lagunei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Gainera, udalak oroitarriak izan dituen kalteen konponketan laguntzeko konpromisoa adieraz nahi du».
Onartutako mozioaren sarreran, besteak beste, oroimenerako eskubidea guztiok dugula aipatzen du: «Etorkizuna eraikitzeko, beharrezkoa da urte luzetako gatazkak eragindako alde anitzeko kaltetuen aitortza zein konponketa. Ez dugu Juan Mari Jauregiren oroitarriaren aurkako erasoa onartzen, ez eta beste edonolako kalteturen oroimenezko ekitaldien aurkako debeku eta oldartzerik ere».
Esan bezala, aurrera atera zen mozio honen aurka bozkatu zuten EAJren eta PSE-EEren ordezkariek.