Uda honetan Bedaiora joateko beste arrazoi bat dago. Abaetxe taberna-jatetxekoek aukera emango dute beraiek dituzten parrillak erabiltzeko. Orain gutxi, Abaetxeren lorategian mahai batzuk eta haur parkea jarri ditu Tolosako Udalak, eta atsedenleku baten itxura hartu du. Hori baliatuz pentsatu dute parrillaren erabilera eskaintzea afari-meriendak egiteko, Izaskun Jauregi Abaetxeko arduradunetako batek azaldu duenez.
Taberna-jatetxea ostiraletik igandera bitarte zabaltzen dute. Hori bai, kontuan hartu behar da abuztuaren 5etik 7ra itxita egongo dela. Parrillak erabili nahi dituenak arduradunei eskatu behar die. Baldintza bat jarri dute horretarako: ikatza eta edariak Abaetxekoei erosi behar zaizkie.
Jauregik dioenez, «eguraldi txarra egin du eta ez da izan aukerarik parrillak erabiltzeko. Espero dugu aurrerago eguraldi hobea egitea». Udan ez ezik, udazkenaren hasieran ere zerbitzu hori eskaintzea aurreikusten dute. Bestalde, lorategiak irekita egongo dira astean zehar.
Abaetxe taberna-jatetxea zabaldu zuteneko lehen urtea beteko da irailaren 8an. Azpiegitura udalarena da, eta Izaskun eta Joakin Jauregi anai-arreba bedaiotarrek kudeatzen dute.