20.000 bisitari izan dira dagoeneko Zumardiaundian

tolosa 2011ko uztailaren 18a

Maiatza aldean zabaldu zuten Zumardiaundi eraberrituko Nazioarteko Lorategi Jaialdia, eta jada 20.000 bat lagunetik gora bertaratu dira. Honen harira, Tolosako Udalak balantze «oso baikorra» egin du, aurreikuspenak gainditu baitituzte.

Bisitarien artean, aniztasuna da nagusi, izan ere, tolosarrez eta eskualdeko biztanleez gain, eskualdez kanpoko herritar ugari ere bertaratzen dira Lorategi Jaialdiko sei lorategiak ikustera.

Aipatzekoa da, lorategien xehetasunak ezagutu nahi dituztenek, bisita gidatuak eskuragarri dituztela, goizez nahi arratsaldez. Euskarazko saioak 11:00etan eta 18:00etan izaten dira, eta gaztelerazkoak, berriz, 12:00etan eta 19:00etan. Lorategien Jaialdia ikusi nahi duten taldeek beste ordutegi batzuk nahiago izanez gero, Zumardiaundiko harrera gunean izena eman dezakete, edo 656 70 96 81 telefonora deitu. Lorategiak ikustera bertaratzen direnek, lorategirik ederrenaren alde bozka emateko aukera izango dute, eta bozka ematen duten guztien artean bidaia baten zozketa egingo da lehiaketa amaitzean.

Zumardiaundi eraberritua duela hiru hilabete zabaldu zuten, eta sarbideetako bat itxita egon da denbora tarte horretan. Orain, ordea, hirugarren sarbidea ere zabalik da jada.

Lehen ez bezala, egun bizikletekin sar daiteke parkera, eta txakurrekin ere bai, lotuta baldin badaude.

Lau lanpostu berri

Zumardiaundian dagoen Nazioarteko Lorategi Jaialdi honek, lau lanpostu berri sortzea ahalbidetu du.

Lanbidek, Goroldi SLU-k eta Tolosako Udalak abian jarritako programa bati esker, jendeari informazioa ematea, bisita gidatuak zuzentzea, tabernako zerbitzua eskaintzea eta inguru berdeak zaintzea ardura nagusi dituzten lau lanpostu sortu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!