Igarondo urpekoak taldeak bederatzi domina lortu ditu Valladoliden ospatutako Espainiako txapelketetan. Río Esgueva igerilekuan ospatu dira hegats igeriketako txapelketak, eta Tolosako taldea hamaika igerilarirekin joan zen Valladolidera. Bertan, emaitza ezin hobeak lortu zituzten.
100 metro eskafandrako proba beti izan da taldearen gustukoa, eta berriz ere horrela izan da txapelketa honetan: Mara Varelak urrea lortu zuen, Amaia Arregik zilarra eta Patxi Mongek Zilarra. Horrez gain, Amaia Arregik urrea lortu zuen 800 metro eskafandran, izugarrizko proba egin ostean; 400 eskafandran zilarra eskuratu zuen. Mara Varelak ere urreari zilarra gehitu zion 100 metro ur gainekoan, eta brontzea 50 apnean.
Igarondoko neskek erreleboetan maila bikaina erakutsi zuten, bai 4X200ean eta baita 4X100ean ere, brontzezko domina bana lortuz. Errelebo luzean bi zentesimagatik ez zuten zilarrezko domina lortu. 4X200ean Leire Remirez, Nere Karrera, Amaia Arregi eta Mara Varelak hartu zuten parte, eta 4X100ekoan bi aldaketa izan ziren, horrela Ainhoa Tolosak eta Inge Zubeldiak hartu zuten parte Mara Varela eta Amaia Arregiren lekuan.
Mutilek ere 4X100 erreleboetan oso maila polita erakutsi zuten, taldearen errekorra hautsiz. Amaieran asko landutako 5.postua lortu zuten. Taldea ondorengo igerilariek osatu zuten: Jokin Zubizarretak, Mikel Estebanek, Gregorio Mancisidorrek eta Patxi Mongek.
Gazteen artean Asier Aranburuk bere marka onenak egin zituen, eta distantzi handietarako urratsa eman zuen.
Beti bezala, talde lana indartsu lantzen saiatzen da Igarondo urpekoak taldea, eta horretarako ezinbestekoa da Jon Espina entrenatzailearen eta Maitane Tolosa eta Oihana Oruño delegatuen lana, denen artean egin baitute txapelketa bikain hau.