Tolosako EAJko hautetsiek agerraldia egin zuten pasa den ostiralean, udaletxeko batzar aretoan. Bilduk eta Aralarrek burutu duten udal antolaketaren inguruko desadostasunak azaldu zituzten, besteak beste.
EAJren arabera, Ibai Iriarte alkateak deituta, bilera bat egin zuten pasa den uztailaren 4an: «funtsean Bilduk Aralarrekin legealdiko akordioa burutu zuela azaldu zigun, eta udalaren antolaketa adostu zutela ere bai, Gobernu Batzordearen kideak izendatuz», azaldu zuten EAJko kideek.
Honen aurrean, eta Bilduk eta Aralarrek euren akordioa prentsari azaldu nahi ziotela jakinda, EAJko udal taldeak bere ekarpena egiteko asmoa erakutsi zien Bildu eta Aralarri. Ondorengo erantzuna jaso zutela azaldu zuen Jokin Azkuek: «erantzuna izan zen, proposamena nahikoa landua zegoela, eta ekarpenak egiteko beti izango dela tartea». EAJko hautetsiek, «modu egokiena ez dela izan» uste dute, eta Osoko Bilkuran onartu beharreko proposamen bat Tolosako Udaleko webgunean argitaratu izana ere kritikatu dute: «bakoitzak atera ditzala atera beharreko ondorioak».
Horrela beraz, EAJko udal taldeak proposamen kritikoa egingo du gaurko Osoko Bilkuran, beren burua «baztertuta» ikusi duten arren.
EAJren proposamena
Jokin Azkuek nabarmendu zuenez, EAJren ustez bi batzordek izan behar dute Tolosako Udalaren antolaketaren bizkarrezurra. Batek krisiari aurre egitea izango luke helburu nagusia, eta besteak, berriz, bizikidetza eta normalizazioa bideratzeko egin beharko luke lan. Bide honetan, Jarduera ekonomikoaren batzordea sortzea proposatzen du EAJk. Enplegua sustatu eta merkataritza bultzatzeko batzordea behar luke izan euren esanetan, eta «zeharkako batzordea izatea komeniko litzateke». Era berean, Bizikidetza eta normalizaziorako batzordeak bake bidea landu beharko luke, «Juan Jose Ibarretxe lehendakariak proposatu zuen Konpondu proiektuan oinarrituz».
Honenbestez, bi batzorde nagusi hauez gain, ondorengo batzorde antolaketa proposatuko du EAJren udal taldeak agerraldian: TLS batzordea; Gizarte politikak eta ogasuna; Hirigintza, ingurumena, herri azpiegiturak eta auzoetarako batzordea; Giza baliabideak, udal antolakuntza, herritarren arreta eta informazio gizartea; Udaltzaingoa eta mugikortasuna, Hizkuntza politika eta hezkuntza; Turismoa eta feriak; kontuetarako batzorde berezia eta ogasuna, eta azkenik, Kirol batzordea.
Dirua eta liberatuak
EAJk, oposizioan ari bada ere, Tolosan inoiz izan dituen emaitza onenak izan dituela gogorarazi zuen agerraldian, bozken %40a jasoz. Honen aurrean, EAJko udal taldeak «oposizio egoki bat» egite aldera, «ezinbestekoa» ikusten du liberazio bat lortzea: «talde indartsua gara oposizioan, eta zinegotzi ugari ditugu lanean jarduteko». Gainera, ez dute ondo ikusten alkatetzan dagoen alderdiak, zinegotzi bat gehiagorekin, hiru liberatu izatea, eurek bat bera ere ez dutenean.