Tolosaldeko eta Goierriko gormutuen Gainditzen elkarteak, ONCEk urtero ematen duen urrezko Kriskitin saria irabazi du.
ONCEk urtero antolatzen duen sariketa da Kriskitinarena, eta aurtengoa hamargarrena izan da. Gizarte bateratzaile bat sortuz, gaitasunen bat gutxituta duen pertsonen gizarte intergrazioaren alde lan egiten duten erakunde zein norbanakoak saritzen ditu ONCEk. Horrela, hauek izan dira, 2002az geroztik, saria jaso dutenak: Donostiako Udala, Gureak-eko Iñaki Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundia, Fortuna Kirol Elkartea, EHUko Gaitasunak Gutxitutako Ikasleentzako Arreta Zerbitzua, Tandem gida boluntarioak, Real Sociedad, Gipuzkoako Kirolari Paralinpikoak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea.
Gainditzen elkarteak, zehazki, Tolosako Zeinu Hizkuntzan Nazioarteko Film Laburren Jaialdia lehenengoz antolatzeagatik jaso du saria: «pertsona gorrengana joera artistikoak eta teknologia berriak gerturatu dituzte, eta horrekin batera, ateak zabaldu dizkiote hainbat jardueretan parte hartzeko oztopoak izaten dituen jende multzo bati», azaldu du ONCEko ordezkaria den Ana Garridok.
ONCEk proposatutako beste bi izendatuak Kutxa eta Adeco izan ziren. Kutxak, pertsona gormutuentzako kutxazain automatikoak egokitzeagatik jaso zuen izendapena. Adecok, berriz, pertsona ezinduak lan munduan sartzeko burututako planagatik. Horrela, aste betez Gipuzkoako irrati kateetan kanpaina bat egin ondoren, entzuleek emandako bozkek erabaki dute sariaren irabazlea.
Urrezko Kriskitin saria, pasa den ekainaren 25ean Donostian ospatu zuten Kriskitin lasterketaren ondoren jaso zuen Gainditzen elkarteak.
«Oso pozik gaude»
Gainditzen elkarteko ordezkariek «oso pozik» agertu dute euren burua, eta are gehiago, aldamenean izan dituzte beste bi izendatuak «enpresa indartsuak» izan direla kontuan hartuta.
Lehenik eta behin, ONCEri eskerrak eman nahi izan dizkiote, eta era berean, baita euren alde bozka eman zuten herritarrei ere.
Udalaren babesa
Gainditzen elkarteak egindako agerraldian, Tolosako Udalaren ordezkari moduan izan zen Ibai Iriarte alkatea.
Zorionak eman zizkien sarituei, eta «baldintza fisiko desberdinen arteko ulermena eta elkarbizitza guztion lana» dela azaldu zuen. Bide horretan, udalak Gainditzen bezalako elkarteak babesteko «posible duen guztia» egingo duela nabarmendu zuen Iriartek.