Eskualdeko hainbat alkatek Asuncion klinika publiko egin nahi dute

tolosa 2011ko ekainaren 29a

Tolosaldeko alkateek eskualdeko osasun publikoaren inguruko prentsaurrekoa eskaini dute. Besteak beste, Asuncion klinika publiko egitea eskatu dute.

Tolosaldeko espezialitateen anbulatorioa ixteko, «krisiaren argudioa ezin» dela erabili diote alkateek, eta honek «gaur egungo egoera aldtu eta kaskartu» egiten duela; gogora ekarrik dute, urologia eta oftalmologia bezalako espezialitateak Asuncion klinika pribatuan artatzen direla gaur egun.

Honen harira, Euskal Herrian eskualdeko ospitale publikorik ez duen bailara bakarra Tolosaldea izatea, ezinezkotzat jo dute: «duguna ez dugu galdu nahi eta etorkizuneko egoera hobetzea nahi dugu». Horrela beraz, Tolosaldeko alkateek Euskal Herriko gainerako herritarrek jasotzen duten zerbitzua izatea «nahi» dutela eta «defendatuko» dutela nabarmendu dute.

«Erreformaren aurka»

Tolosako prentsaurrekoan bildutako alkteek, argi eta garbi azaldu dute euren jarrera. Modu honetara, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak adierazitako aldarri guztiekin bat egiten dute, sostengua emanez:  beharrezkoak diren langileak jartzea, espezialitateen anbulatorioari beharrezkoak dituen tresnak ematea eta kudeaketa publikoa izango duen eskualdeko ospitale publikoa herritarren esku jartzea.

«Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen erreformaren aurka» daudela azaldu dute, eta aipatu bezala, ez dutela espezialitateak Asuncion klinikara pasatzerik nahi. Era berean, euren desadostasuna adierazi dute, erreformak aurrera jarraituz gero, klinikako zerbitzuak ordaintzerakoan gertatuko den aldaketarekin. Gaur egun, Osakidetzak mediku ekintza bakoitzagatik ordaintzen dio Asuncion klinikari; erreformaren ondoren, ordea, osasun liburuxka bakoitzagatik diru kopuru bat jasoko du klinikak. Koordinakundeak, eta prentsaurrekoan agerraldia egin duten alkateek, aldaketa honen ondorioz zerbitzua eskasagoa bihurtuko dela diote: «honek, beste eskualdekoekin berdindu beharrean, areagotu egingo ditu haiekiko ditugun desberdintasunak».

Herritarren babesa

Prentsaurrekoan, alkateek herritarren babesa sentitzen dutela adierazi dute.

Batetik, TOPA koordinakundeak 15.000 sinadura inguru jaso ditu, erreformaren aurka. Era berean, pasa den maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzei begiratu diete; osasun publikoaren aferan, eskualdeko ospitale publikoaren aldeko iritzia «argi eta garbi» azaldu zuten alderdiak izan ziren gehiengoa lortu zutenak. Azkenik, Auncion klinikako, osasun zentruko eta espezialitateen anbulatorioko langileek euren babesa eskaini diete auzi honetan, auzo-elkarte, sindikatu eta bestelako elkarteekin batera.

Hau guztia dela medio, «duela urte asko egin behar zen gauza baten alde» egin nahi dute: Asuncion klinika publikoa egitea.Horrela Osakidetzak eskualdeko herritarrekin duen zor historikoa ordainduko duela diote alkateek. Honetarako, «edozeinekin hitz egiteko prest» ere azaldu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!