Aitor Biain: «Musikak balore asko transmititzen ditu »

tolosa 2011ko ekainaren 22a

Datorren uztailaren 4tik 15era bitarte, udaleku musikalak izango dira Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolan. Astelehenetik ostiralera, musika hari nagusi hartuta bestelako diziplina artistikoan ezagutu eta lantzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek.Udaleku artistiko hauetako arduraduna da Aitor Biain oñatiarra. Txikitatik musika munduan aritutako mutil honek, klarinete saxofoi eta kantua ikasi zituen. Gerora, Euskal Herriko Abesbatzen elkartean zuzendaritza ikastaroetan aritu zen izen handiko zuzendariekin, eta gaur egun hainbat abesbatzetako zuzendaria da; Lazkaoko musika eskolan ere irakasle moduan aritzen da, gainera. Udaleku artistikoen nondik norakoak kontatu dizkio Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariari.

Nork antolatzen ditu udaleku artistikoak?

Udaleku musikal hauek Artekin enpresak antolatzen ditu. Enpresa honek arte artistikoak bultzatzeko helburua du, eta hori dela eta, udalekuak, kurtsoak eta hainbat ekitaldi berezi antolatzen ditu. Uda honetan, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian, Muak udalekuak antolatu dituzte alde batetik, bestalde, Karrikan ere bai. Muak 4 urtetik 12 urtera bitarteko haurrei zuzendutako udalekuak dira, eta Karrikan deiturikoa, berriz, gaztetxoagoei begirako zerbait da; hauek breakdance-a, graffitti-ak eta antzekoak egiten dituzte. Beraz, bi aktibitate nagusiak Muak eta Karrikan dira.

Udaleku hauen helburu nagusia zein da?

Batez ere arte artistikoak bultzatzea da helburua, eta hau guztia modu dibertigarrian burutzea. Izena ematen duten ikasleek, gaineram ez dute zertan ezer berezirik jakin behar, ez dute musika jakin behar, edo breakdance egiten jakin behar. Azken finean, era ludiko batean diziplina artistiko horiek bultzatzea eta ondo pasatzea da, udalekuek irauten duten bitartean.

Zein motatako ekintzak burutuko dituzte izena ematen duten ikasleek?

Tolosako udaleku musikaletan, nolabait, lau adar nagusi izango dira. Dantzaren esparruan, dantza modernoa egingo dute haur eta gaztetxoek; era berean, musika ere landuko dute, instrumentuekin, entzunaldiekin eta joku musikalekin. Abesbatzabatean abestea zer den ere ezagutuko dute, eta kantuei koreografiak eta anzterkitxoak sartuko dizkiegu, musikaren bitartez dramatizazioa landuz. Azkenik, jolasak ere egingo ditugu, soinketako eskoletan egiten diren jolasen antzekoak. Horrela beraz, ikasle bakoitzak beti izango ditu lau irakasgai horiek, eta egunean zehar txandatuz joango dira, irakasle desberdinekin.

Europako beste herrialde batzuetan, nahitaezko hezkuntzan musika eta dantza bezalako diziplinak irakasten dizkiete ikasleei. Haur eta gaztetxoen ikasketetan arteak zer aporta dezake? Hemengo hezkuntza sisteman garrantzia handiagoa eman beharko al litzaioke?

Egia da, bai, hemen ez zaiela hainbeste garrantzia ematen musikaren alorrari eta diziplina artistikoei. Musikak gauza asko ditu bere atzean; sentsiblitatea lantzea, talde lanaren dinamismoa bultzatzea, eta abar. Gainera, musika egiten duen pertsona batek askoz ere kontzentrazio hobea lortzen du, kontzentratzeko beste era bat du. Balore hauek oso garrantzitsuak dira pertsona batengan, eta txikitatik lantzen badira, gero asko garatu daitezke. Beraz, garrantzitsuak direla uste dut, bai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!