Asteburu «bikaina» pasatu dute Bedaion, ohitura zaharrak, musika eta kirolak uztartuz. Artubi elkartekoak «oso gustura» daude egindako jarduerekin eta jendearen parte-hartzearekin. Harri Jaiarekin hasi zituzten ekitaldiak, ostegunean, usadio zaharrei jarraipena emanez. «Egun pasa polita» izan zuten bedaiotarrek, Artubi elkartetik azaldu dutenez. Bedaioko hainbat etxetan jasotako argazkiekin bertako historiaren zati txiki bat ere ikusteko aukera izan da parkean jarritako erakusketan.
Larunbatean musikak hartu zuen arratsaldea Abaetxeko lorategietan. Haurrentzako parke berria inauguratzeko aitzakia hartuta, Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolako klarinete eta akordeoi taldeak kontzertu polita eskaini zuten. Distantziak murriztuaz, Tolosako herrigunetik Bedaiora iritsi ziren musika doinuak. Ondoren, Jon Beldarrainek sorturiko bertsoak kantatu zituzten kontzertura joan zirenek, bedaiotarrek prestaturiko kontzertuaren bigarren zatian.
Kirola, inguruko parajeetan
Igandean kirolari eman zitzaion bidea eta mendizale eta txirrindulari anitz elkartu ziren bertako mendietan Artubi elkartekoek prestaturiko bi zirkuituetan zehar ibiltzeko. Hainbat laguntzailek eskainitako opariak banatu ziren eta hamaiketako ederra hartu ere bost orduko martxa gauzatu ondoren. Hendaia, Irun, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Zumarraga, Zarautz, Arrasate, Elgoibar eta Tolosaldeko hainbat herritako mendizale eta txirrindulari elkartu ziren Bedaioko bailaran.
Artubi elkartetik azaldu dutenez, «berriro ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bai laguntzaileei eta baita Bedaiora agertu diren guztiei».