Harri Jaia eta Kultur Asteburua dituzte egunotan Bedaion. Harri Jaia izango da lehenengo ekitaldian, etzi egingo baitute. 11:00etan meza nagusia izango dute Andra Mari Jaiokundearen elizan, eta prozesioa ere egingo dute. Ondoren hamaiketakoa egingo dute Abaetxe jatetxean. 14:00etan bazkaria egingo dute Artubi elkartean eta bertan izango dira Mañukorta eta Zeberio bertsolariak, trikiti doinuez lagundurik beraien bertsoez bazkaria eta eguna alaitzeko asmoz. Gauean afaria izango da berriro Artubi elkartean. Abaetxe taberna-jatetxea bihar zabalik izango da.
Harri Jaiaz gain, asteburua ekitaldiz bete dute Artubi kultur elkartekoek. Larunbatean, Abaetxeko lorategietan eraiki berri duten haur parkearen inaugurazioa egingo dute, 18:30ean hasita. Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolako gazteek, klarinete, akordeoi eta perkusiozko instrumentuen laguntzarekin doinu ezagunak joko dituzte, eta bertara hurbiltzen direnek kantatu ahal izango dute. Ondoren, estreinakoz Jon Beldarrainek Bedaiori eskainitako bertsoen plazaratzea izango da, bertako gazteek osaturiko korua, dultzaina, gitarra, trikiti eta biolina lagun dutelarik.
Mendiaz gozatzeko
Igandean, V. Mendi Martxa eta IV. BTT Proba izango dituzte Bedaion. 07:30ean emango zaio hasiera Mendi Martxa probari. 22-25 kilometrotako proba izango da, lau eta bost orduko iraupenarekin. BTT Probari 08:30ean emango zaio hasiera. 36 kilometrotako ibilbidean zehar arituko dira txirrindulariak. Aurten, parte-hartzaileen eskaera medio, proba luzatu egin dute eta txirrindulariak bailara osoan zehar ibiliko dira.
Izen ematea 10 eurokoa izango da. Proba hasi aurretik ordu erdi lehenago izena eman ahalko da. Izena aurrez eman nahi duenak mendimartxa@bedaio.com helbidera idatzita, www.bedaio.com webgunean sartuta edo 620 199 166 telefono zenbakira deituta egin dezake.
Argazki erakusketa
Bihartik hasita eta asteburu osoan zehar, argazkien erakusketa antolatu dute Abaetxeko lorategian. Garai bateko argazkiak izango dira nagusiki, baserri desberdinetan gordetzen ziren «altxorrak», antolatzaileek esan dutenez. Bedaioko ohiturak agertzen dira, hala nola, jaunartzeak, Harri Jaia, hainbat familien argazkiak, bazkariak, baserriko ohiturak... Erakusketan ere hain zaharrak ez diren argazkiak izango dira.