TOPAko kideek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituzte euren kezkak

tolosa 2011ko ekainaren 7a

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak, elkarretaratzea deitu zuen astelehen arratsalderako, eta hainbat herritar bildu ziren Plaza Zaharrean.

Joan den asteko Hirigintza Batzarrean, Jokin Bildarratzek Asuncion klinika zabaltzeko eraberritze lanak baimentzeko dokumentua sinatu zuen. TOPA plataformak, honen aurrean, idatzizko eskaria aurkeztu zuen Tolosako Udaleak, obrak egiteko baimena atzera botatzeko eskatuz.

Hirigintza Batzarrean sinatutakoa ofiziala egin aurretik, hamar egunez jendaurrean egon behar izaten du, herritarrek kexu edo iradokizunen bat aurkeztu ahal izateko. Epe hau igaro eta gero, Hirigintza Batzarrak erabakitzen du sinaturikoa ofiziala izango den edo ez, hamar egun horietan aurkeztu diren kexa edo iradokizunen arabera.

Kasu honetan, ordea, udalbatzaren aldaketa dela eta, ez da gehiago Hirigintza batzarrik ospatuko, eta alkate dekretu batez konponduko dute auzia.

Aldarriak Gasteizen ere bai

TOPA koordinakundeak hau guztia salatzeko, eta «presioa egiteko» deitu zuen asteleheneko elkarretaratzea. Baina horretaz guztiaz gain, osasun publikoaren alde lanean ari den mugimendu honek, euren eskaera eta aldarriak Gasteizera eramateko erabakia hartu zuela azaldu zuten Plaza Zaharreko elkarretaratzean. Horrela beraz, Eusko Legebiltzarrean nahiz Eusko Jaurlaritzan izan ziren TOPA koordinakundeko hainbat ordezkari.

Eusko Jaurlaritzan, eskaera orria aurkeztu zuten lehenik, eta Rafael Bengoa osasun sailburuarekin hitz egin nahi izan zuten; horretarako, ordea, aurretik hitzordua zehaztu behar dela azaldu zieten han, eta ezinezkoa izan zen sailburuarekin elkartzea.

Eusko Legebiltzarrean, berriz, eskaera orria aurkeztearekin batera, Carmelo Barrio osasun batzordeko lehendakariarekin biltzeko aukera izan zuten TOPAko kideek. Jesus Mari Penilla TOPAko ordezkariak azaldu zuenez, ordu eta erdiz aritu ziren Barriorekin hizketan, eta euren proposamenak eta aldarriak azaldu zizkioten osasun batzordeko lehendakariari: «Carmelo Barriok ezagutzen zuen Tolosako kasua, eta bazekien PPko bere alderdikide bat herrian ospatu genuen mahai inguruan izan zela, plataformari babesa emanez».

Era berean, osasun batzordearen aurrean hitz egiteko aukera ere izan zuten koordinakundeko ordezkariek. Informazio bilera izan zen, eta TOPA plataformak Tolosako egoera aurkeztu zieten batzordeko kideei. Osasun publikoaren aldeko koordinakundeko kideek, gainera, Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak Tolosako osasun zerbitzuaren egoeraren inguruko txostena hilabete honetan argitaratuko dutela ere jakin zuten.

Aipatzekoa da, Asuncion klinikako eraberritze lanen inguruan hitz egiteko, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako hiruzpalau kide bildu zirela atzo arratsaldean Jokin Bildarratzekin, akordio batera iristeko asmoz. Datozen asteetan sinadura bilketarekin jarraituko dutela ere esan zuten elkarretaratzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!