Ostiralean Bonberenea "piromanoen" bilgune izan zen. Orain hilabete batzuk egindako gune berrian bildu ziren herritarrak, eta bertan Bonbereneako kideek etxearen nondik norakoen berri eman zieten. Lehenik eta behin, Bonberenearen lehen urteak ekarri zituzten gogora bideo baten bidez, eta ondoren, Bonberenean gaur egungo egoera ulertu ahal izateko gonbidatuak igo ziren oholtza gainera. Hiru gonbidatu hauek, gainera, Tolosako Udalarekin harremanetan egondako gazteak dira, eta beraz, prozesuaren inguruan hitz egin zuten. Horiek horrela, Hondarribiako Psilocybenean urteetan lanean egondako gazte batek autogestioaren inguruan hitz egin zuen; abokatu batek alderdi legalaren inguruan mintzatu zen; eta arkitekto batek San Estebango proiektuak izan zituen hizpide. Era berean, bideo ugari ere ikusi ahal izan ziren, Bonberenean egiten duten lana hobeto ulertu ahal izateko. Gose taldeak ere egindako 'Bonberenea Sutan' abestia eskaini zuen, eta "piromano" ugarik ere bertan bizitakoen inguruan hitz egin zuten; horien artean, Pirritx pailazoa, Joantxo Zeberio eta Atila y los Unos taldeko Jesus Prados, Bonberenean lanean ari den gazte baten aita...
Bonberenean lanean ari diren gazteek eman zieten bukaera ekitaldiari.