TOPAK Asuncion klinikan aurreikusita dauden obrak geratzeko eskaera egin du Tolosako Udalean

tolosa 2011ko maiatzaren 31

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak, idatzi bat aurkeztu zuen Tolosako Udalean, pasa den maiatzaren 26an. Asuncion Klinika handitzeko obraren baimena bertan behera uzteko eskaria egin diote Jokin Bildarratzi.

Tolosako espezialitateen anbulatorioa pixkanaka «hustutzen» ari dela salatuz, hilabeteak daramatza TOPAk, eta osasun zerbitzuen «pribatizazioaren aurka» hamaika ekintza burutu dituzte. Asuncion klinika pribatuak espezialitateen anbulatorioko zerbitzua erabat eta behin betiko hartzea aurreikusi du, hiru urteko epean. 2007an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrean egindako ikerketa-proposamen bat da auzi honen jatorria.

Bide honetan, eta planaren arabera, Asuncion klinikak honako zerbitzuak hartuko ditu espezialitateen anbulatoriotik, beregain, datozen urteotan: kardiologia, dermatologia, digestiboa, endokrinologia, neumologia, neurologia, ginekologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologoa, traumatologia eta errehabilitazioa.

Honetarako, langileria nahiz azpiegturak handitu beharko ditu klinika pribatuak. Hain zuzen ere, klinika handitzeko plana martxan da jada, eta uda amaieran hasiko dira eraberritze lanekin. Egungo klinikako eraikinaren ondoan, eraikin berria egiteko asmoa dute; hiru solairu izango ditu, eta sotoa ere bai. Obra honek 3.000 metro karratutan handituko du klinika.

Obrak geratzeko eskaera

TOPA plataformak Tolosako Udalean aurkezturiko idatziak aipaturiko obrak geratzeko eskatzen du. Zehazki, koordinakundeak, «Asuncion klinika handitzeko udalak har dezakeen edozein erabaki gelditzeko» eskatu diote Jokin Bildarratzi, funtzioetako alkateari; «batez ere, obrak egiteko baimena geratzea nahi dugu». Era berean, TOPA plataformak, era honetako erabakiak udalbatza berriak hartu beharko lituzkeela uste du.

Azkenik, osasun zerbitzu publikoaren aldeko plataformako kideek eskualdeko herritar nahiz eragileen babesa dutela gogorarazi nahi izan diote Bildarratzi: «12.000 sinadura baino gehiagoren, eta pasa den maiatzaren 14eko manifestazio handiaren babesa daukagu, eta baita langileena eta hainbat elkarte, alderdi politiko eta sindikatuena ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!