EAJren jarraitzaileak Tolosako Batzokian elkartu ziren hauteskunde gauean. Gipuzkoa osoan Bilduk lortu dituen emaitzak osa onak izan direla zioten. Tolosan berriz, bozketan goraka egin arren, aurpegiek ez zuten alaitasun handiegirik adierazten. Egoerari aurre eginaz, Jokin Bildarratzek Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzarekin hitz egiteko tartea hartu zuen.
Ezustekoa izan al da lortu duzuen emaitza?
Ezuste handia, batik bat Gipuzkoakoa, orokorra, eta baita Tolosakoa ere. Bagenekien Bildu oso indartsu zetorrela baina ez genuen pentsatzen horrelako indarrarekin izango zela.
Yañezek aipatu duenez, Udalak kudeaketa ona erakutsi du azken urteetan, baina jendeak zigortzera bozkatu omen du, dirudienez. Zein da zure iritzia. Zigor bozkarik ikusi al duzu?
Ez, guztiz aurkakoa. Bi mezu botako nituzke hemen. Azken finean guk inoiz atera dugun emaitzarik onena lortu dugu. Bipolarizazio handia egon da, eta 175 bozken aldea dago Bildu eta gure artean. 400dik gora bozka igo gara. Horregatik bi hausnarketa egiten ditugu. Ibairekin egon naiz hizketan, zoriondu dut, eta erreflexio hau egin diot: Tolosak apustu bat egin du Bildurekin, baina bakea eta bide demokratikoen aldeko apustua izan da, hori dela bide bakarra azpimarratu dute, beste guztiak alboratu egin behar direla behin betiko. 3804 boto lortu dituzte, Lizarra-Garazi garaian baino boto gehiago. Eta bigarren hausnarketa. Nik behintzat sentitzen dut azken zortzi urte hauetan eginiko lanaren nolabaiteko eskertza edo onarpen bat gizartearen aldetik. Bi bide horiek aipatuko nituzke. Nik uste Tolosak oso argi azaldu duela bere borondatea eta orain hau kudeatu beharko da.