Aurten hirugarren aldiz, bisiguaren festa izango da Tolosan ekainaren 11n eta 12an, Zerkausian.
Gastronomiaz gozatzeko festa hau, Txinparta elkarteak antolatzen du, Tolosako eta Orioko udalekin elkarlanean. Hau dela eta, Orioko Katxiña, Xixario eta Joxe Mari jatetxeetako parrileroek prestatuko dituzte Zerkausian zerbitzatuko diren bisiguak.
Hiru otordu izango dira Zerkausian; larunbatean bazkaldu nahiz afaltzeko aukera izango da, eta igandean, berriz, bazkariak zerbitzatuko dituzte. Menuari dagokionez, honakoa dastatu ahal izango dute bisiguaren festara bertaratuek: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, jatorri izendapena duten Nafarroako zainzuriak, bisigua parrilan eta ‘bixigoxo’ postrea. Horretaz gain, menuaren barruan sartzen dira Heras Cordon 2002ko erreserba ardoa, Gainza Getariako txakolina, Insalus ura, Irigoien sagardoa eta Zabala kafea.
Aipaturiko menuak 45 euroko prezioa izango du. Erreserbak egiteko Tolosaldea Tour-era deitu daiteke, 943 69 74 13 telefono zenbakian, goizez 10:00etatik 13:30era eta arratsaldez 15:30etik 19:00etara. Era berean, tour@tolosaldea.net helbide elektronikoa ere erabil daiteke bazkari edo afari txartelak erreserbatzeko.
Ordutegiei dagokienez, 14:00etatik 15:00etara bitarte sartu beharko dute Zerkausira bertan bazkaldu behar dutenek: afaltzeko, berriz, 20:30etik 22:00etarako tartea izango dute.
Galiziar gastronomia ere bai
Datorren ekainaren 11 eta 12an, bisiguaz gain Galiziako hainbat produktuz gozatu ahal izango da Trianguloa plazan.Karpa handi bat jarriko dute Trianguloan, eta Galiziako produktu tipikoenak eskuragarri izango dira: olagarroa, muskuiluak, datil freskoak, albariñoa eta ribeiroa. Postreak ere izango dira, gainera.
Ostiralean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera irekiko dute galiziar produktuen karpa, eta larunbat nahiz igandean, goiz eta arratsaldez egongo da zabalik.
Janariari laguntzeko, eta herria girotze aldera, ekainaren 11 eta 12ko goizetan Galiziar etxeko Trisquete gaita eta dantza talde folklorikoa ibiliko da herriko kaleetan zehar.
Azkenik, larunbatean gaueko 23:00etan, dastaketarako ‘queimada’ prestatuko dute Trianguloan.