Tolosaldea Sahararekin elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu datozen asteetarako, Tolosa eta Bir-Lehlu herri sahararraren arteko senidetzearen 15. urteurrena ospatzeko.
Hilaren 20a bitarte, ‘Maiatza borrokan’ ospatuko dute; ekainean, Saharara elikagaiak eta bestelako materiala bidaltzeko karabana Tolosatik abiatuko da, eta ekainaren 23an, berriz, ‘Oporrak bakean’ programarri esker haur sahararrak etorriko dira herria, uda pasatzera.
‘Maiatza borrokan’
Helburu nagusia, herritarrak «lurralde okupatuetan eta errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten egoeraz jabetzea» da. Egitarauaren barruan, hainbat herri-ekintza antolatu dituzte. Tolosaldean bezalaxe, Euskal Autonomia Erkidegoko beste txoko batzuetan ere izango dira saharar herria laguntzeko ekimenak, euskal fondoaren laguntzaz. Horrela beraz, Tolosan, Saharako lurralde okupatuetako jendearen testigantzak entzuteko aukera izango da datorren asteartean, hilak 17.
Azken egunean, maiatzren 20an, elkarretaratzea egingo dute Trianguloa plazan, «alderdi politikoen nahiz nazioarteko agintarien hipokresia» salatzeko. Aipatzekoa da, ‘Maiatza borrokan’-eko egitarauak iraungo duen hamar egunetan, ‘Erresistentziaren haima’ bat egongo da Trianguloan, eta interesa duen edozein herritarrek bertara sartu eta informazioa eskuratzeaz gain, sahararren testigantzak ezagutzeko aukera ere izango du.
Elkartasun karabana
Hamabosgarren aldiz, eta urtero bezala, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara elikagaiak eta oinarrizko materiala bidaltzeko karabana antolatu dute.
Aurten, karabana Tolosatik bertatik irtengo da Sahara aldera; datorren ekainaren 18an.Antolatzaileek, konpresak, pixoihalak, pasta, arroza, azukrea, sardinak eta hegaluzea eskatu dituzte karabanarako. Aurten, sekula baino janari gehiago behar dutela nabarmendu dute, izan ere, Libian zeuden ikasle sahararrak kanpamenduetara itzuli dira, eta 8.000 ume gehiago izango dira bertan.
‘Oporrak bakean’
Eskualdean 2000. urtean hasi ziren 7-12 urte bitarteko haurrei errefuxiatuen kanpamenduetatik irteteko aukera ematen. Beste errealitate bat ezagutzen dute horrela, eta nutrizio gabeziak ere astzen zaizkie bi hilabetez.
Arduradunek diote, ez dela perfil zehatzik izan behar haur sahar bat etxean hartzeko. Aurten, sekula baino lehenago iritsiko dira haurrak, eta Sanjoanetako txupinazoa eurek botatzea proposatu du udalak.
Azkenik, Bir-Lehlu eta Tolosaren arteko senidetzearen 15. urtemuga behar bezala ospatzeko, Tolosaldea Sahararekin elkarteak kontzertua antolatu du ekainaren 18rako, Euskal Herria plazan. Alurr dantza taldearekin eta Oreka Tx-ekin batera, saharar musikaren erreferente bilakatu den Aziza Brahin taldea ere izango da.