Osasun publikoa edo pribatua, Voith-Gorostidi auzia, abiadura handiko trena eta krisia hizpide izan dira azken lau urte hauetan. Jokin Bildarratz (1963, Tolosa) alkateak amaieran dagoen legealdiaren errepasoa egin du.
Zein da agintaldi honetako puntu indartsuena eta zein ahulena?
Indartsuena: agindu genuena bete egin dugula. Eta ahulena: krisiak sortu duen egoera, batik bat langabeziarena.
Zeintzuk dira agindutako proiektu horiek?
Tolosan zehar ibilbide bat egitean agerian gelditzen dira: Voith-eko etxebizitzak; aparkaleku berriak; Alde Zaharra, Zumalakarregi kalea eta Euskal Herria plaza oinezkoentzat gelditu dira; Topic-zentroa, Europa mailan erreferentea dena... edo landa auzoetan martxan jarri den Berpiztu plana. Tls bat sail berria ere azpimarratu nahiko nuke, baita Amarotz eta San Esteban auzoetako bizilagunekin definitzen ari garen auzo berrien inguruko lanketa ere.
Berdintasun ikuspegia ere landu dugu, eta harro sentitzen naiz egindako lanaz. Ibarretxe lehendakariak esaten zuen bezala, benetako demokrazia hainbat gauza direla-eta ailegatuko da, baina baita emakumearen papera gizonaren paperarekin berdintzen denean. Azken finean pertsonak dira gure kudeaketaren helburu eta ardatza.
Krisi garaian nondik lortu duzue finantzaketa?
Diputaziotik, Madriletik, gobernutik eta gure funts propiotik. Topic-en kasuan adibidez, kostua bost zatitan banatu zen, eta Kutxak ere parte hartu zuen.
Kolektorea eta gerontologiko berria ere garrantzitsuak izan dira.
18 milioi euroko obra bat izan da, eta ehuneko ehuna Eusko Jaurlaritzak ordaindu du. Gerontologikoaren kasuan, lehiaketara atera genuen; aldundia eta kudeatzen ari den enpresaren artean ordaindu dute kostua, 24 milioi eurokoa.
Udaletxea zer moduz aurkitzen da ekonomikoki?
Ondo. 2008an eta 2009an euskal udaletxeek 550 milioi euro itzuli behar izan zituzten. Gure kasuan, 4-5 milioi inguru izan ziren. Aurrezteko plan bat jarri genuen martxan, eta aurrekontuan murrizketak egin genituen. Horrekin eta gastatu ez zen diruarekin, ia dena itzuli dugu. Falta dena inongo arazorik gabe itzuliko dugu.
Krisiaren aurkako zein neurri hartu dituzue udaletik?
Duela bi urte talde bat osatu genuen udaletxean, eta alderdi guztietako ordezkariak gonbidatu genituen bertara. Azken finean, krisiak guztiongan du eragina eta guztion artean irten behar dugu bertatik. Erakunde desberdinen arteko elkarlana ere beharrezkoa da. Udal bezala, bi ildo jarraitu ditugu: alde batetik, barrura edo udaletxera begira, gastuak nahiz kontsumoa murriztuz. Bestetik, neurri garrantzitsuak hartuz, adibidez, Eusko Jaurlaritzarekin batera 60 lagun kontratatuz; Tolosaldea Garatzenekin batera formakuntza bultzatuz; Apatta Erreka industrigunearen bigarren fasea martxan jarriz; enpresei laguntzeko Lehiberri lehiakortasun institutu berria sortuz edo Efficient Home Energy bezalako enpresak Tolosan kokatuz.
Dendari txikiak ere kontuan hartu al dituzue?
Eurekin elkar hartuta aritu gara lanean. Guretzat denda txikiak oso garrantzitsuak dira, 1.200 lanpostu zuzen baino gehiago sortzen baitituzte. Hala eta guztiz ere, horrelako krisi baten aurrean nahiko mugatuta aurkitzen zara udaletxe edo alkate bezala. Egin dezakezun bakarra ahalik eta neurri eraginkorrenak hartzea da, adibidez, inbertsio publikoaren bidez.
Tolosako Udaleko sailen arduradun, EAJko ordezkariez gain, PP, PSOE, Hamaikabat eta EAko hautetsiak egon dira azken legealdi honetan.
Nahi izan duten guztiek eduki dute lekua udalean.
Zergatik?
Politika ikusteko dugun moduagatik. Horrekin batera, EAJk gehiengo osoa lortu zuen, eta horrek ere eskuzabaltasunez jokatzen laguntzen du. Gure printzipio nagusiekin ados egotea eskatu genuen, eta lagundu nahi zuten guztiek eduki dute lekua. Guztion artean gehiago egin genezakeela pentsatzen genuen; hori izan da gure taldearen ardatz nagusia.
Kolore desberdinetakoak izaki, arazorik egon al da zuen artean?
Gure artean leialtasun osoz ibili gara, eta horrek emaitza ona ekarri du tolosarrontzat. Batik bat Tolosan egon den giroa azpimarratuko nuke, oso ona izan baita. Beste legealdi batzuetan ez bezala, oso lasai joan da dena. Politikarekin lotutako gairen batean, euskararen inguruan, desberdintasunak egon dira, baina adostasuna lehenesten jakin izan dugu.
Oposiziorik egon ez denaren sentsaziorik ez al duzu?
Ez. Alderdi politikoak oposizioan egon dira. Egia da egin diren gauzen %90ean erabateko adostasuna egon dela. Nire ustez hori positiboa da. Jendeari liskarra ez zaio gustatzen, batik bat, politikoa. Hauteskunde garaian berriro elkar mokoka ikusiko ditugu denak. Izaera kontua ere badela uste dut; apaltasunez egin behar da aurrera.
Herritarren zati garrantzitsu batek, aldiz, ez du ordezkaritza politikorik eduki.
Oso portzentaje garrantzitsua izan da, bai. Niretzat hor bi errudun daude; alde batetik, alderdien legea eta hori defendatu dutenak, eta bestetik, ezker abertzalea. Azken zortzi urte hauek, eta aurretik ere bai, beste estrategia batean eman ditu. Orain, aldatzen ari direla ikusten da, eta beste guztiek duela 30 urte egin genuena egiten ari dira.
Egoera hori gainditzeko zer egin duzue udal bezala?
Lehen esan bezala, herrigintzan eta herri politikan eskuzabaltasuna eduki behar da. Bi legealdi horietan gure eskuzabaltasuna eta parte hartzeko eskaintza izan dute ezker abertzalekoek. Bi baldintza jarri genizkien: ikuspegi juridiko, normatibo eta legala errespetatzea, eta beraiek nolabait kalifikatu zituzten «zinegotzi lapurrak» lasai uztea. Ez zituzten bi esparru horiek bermatu nahi izan eta kanpoan geratzea nahiago izan zuten.
Tolosako alkatea, Eudeleko presidentea, Tolosaldea Garatzen eta Lehiberrin ere ardurak... Zaila al da horrenbeste kargurekin oinak lurrean edukitzea?
Elementurik garrantzitsuena Tolosako alkatea izatea da. Gainontzeko ardurak horren ondorio dira, beste herrietako alkateek beste hainbat ardura dituzten bezala. Eta gero, alkatea izatea nola ulertzen duzun da kontua. Zer da alkate izatea? Komunitate edo kolektibo baten koordinadore, arduradun edo liderra izatea momentu baterako. Baina beste guztiak bezalakoa zara; noizbehinka mendira joatea gustatzen zaizu, parranda egitea...
Baina ba al duzu lasai parranda egiteko aukera?
Gehienetan bai. Noizbait izan dut arazoren bat norbaitekin, baina gutxitan. Nire ustez, gainera, jendeak gustura hartzen du beste edozein bezala ikusten zaituenean; parrandan goizeko ordu bietan Gin Tonic bat hartzen adibidez. Baita ere, egia da alkatea eta zinegotziak direla herritarrengandik gertuen dauden kargu politikoak, eta onerako eta txarrerako horrela da. Alde batetik, errealitatea gertu-gertutik ezagutzen duzu, eta bestetik, askotan ez daukazu atseden hartzeko nahi bezain besteko denbora.
Etxebizitzen salmenta beheraka doan arren, Tolosan eraiki eta eraiki ari dira. Nola uler daiteke kontraesan hori?
Oso erraz uler daiteke. Etxe salmentak beheraka doaz, hori horrela da, baina etxebizitzak lehen mailako behar bat izaten jarraitzen du. Gazteek gurasoen etxetik atera nahi izaten dute, baina horretarako laguntza behar dute. Onartu dugun plan orokorrean, etxebizitzen ia %60 babestuak izango dira. Bestalde, 2010-13rako egin dugun plan estrategikoan, etxe babestuen eta alokairuko etxeen aldeko apustua egin dugu.
‘Voith-Gorostidi auzia’ hasieratik, nola azalduko zenioke herritik kanpo bizi den bati?
Eremu industriala zela esanaz. Bertan zeuden sei enpresa baino gehiagotan, 400 langilek egiten zuten lan. Enpresa horiek beste eremu batetara mugitu dira, eta gune horretan etxebizitzak jarri ditugu; horien %63 babestuak. Horrek esan nahi du, %20 babes ofizialekoak direla eta %43 tasatuak.
Asko jadanik eraikita daude. Guztira zenbat aurreikusten dira?
700 inguru.
Noiz gauzatu zen proiektua?
2005ean. Estatu osoan ez da inoiz horrelako operaziorik egin. Hau da, garai hartan, Maturana legea zegoen indarrean. Honen arabera, babes ofizialeko etxeek %20 izan behar zuten. Guk, aldiz, %63 jarri genituen.
Nola bukatu du epaitegian?
Ezker abertzaleak trikimailu bat erabili zuen. Guk 2005ean aprobatu genuen, eta onarpen guztia eman zitzaion. Gero lurzoruaren legea aprobatu zuten. Lege honetako puntu bat ez zuen betetzen, baina guk jadanik plan orokorra aprobatua genuen, eta desfase horri markoa ematen zion, nolabait, bereganatu egiten zuen. Bitartean, ezker abertzaleak aldaketa puntual hori epaitegietara sartu zuen. Epaileak aldaketa puntuala gaizki eginda zegoela esan zuen, deuseztatu egin behar zela. Orduan, udaletxeak deuseztatu egin zuen eta hor bukatu zen kontua.
Hor amaitu al zen auziaren ibilbidea?
Beste ibilbide bat izan zuen. Udal bilkuran aldaketa deuseztatu eta aldizkari ofizialean publikatu ondoren, nahiz eta plan orokorrarekin deuseztatua egon lehendik, ezker abertzaleak errekurtsoa jarri zuen, obren eta eremu guztia gelditzeko eskatuz. Epaileak guk epaia bete genuela esan zuen. Jada guk bagenuela plan orokor bat eta horrek eremu guzti hori biltzen zuela; ez zuela inongo zentzurik obra geratzeak. Hor bukatu zen dena, eta hor ez dago beste historiarik. Dena bideraturik dagoela esan daiteke, baldin eta ez badago beste inor beste helburu batzuekin.
Eta agertuko al da norbait?
Hemen arazoa zera da: ezker abertzalea udalean egon zenean 60 etxebizitza babestu eraiki zirela, eta guk jadanik 600 bideratu ditugula. Penagarria da, bai baitakite arrazoirik ez daukatela. Gazteei irtenbide bat ematea baino, helburu politikoak lehenesten dituzte. Guk alderantziz egin genuen, gazteei aukera bat ematea lehenetsi genuen.
Abiadura handiko trenaren lanak hasi dira eskualdean, zer ekartzen dio proiektu honek Tolosari?
Bere garaian Leitzarango bideak ekarri zion antzeko erantzuna. Hala eta guztiz ere, alde baikorrago bat badago hemen. EAJ beti egon da garraio kolektiboaren alde, eta kasu honetan, trena lehenetsiz kotxe partikularraren lekuan. Elementu kolektiboak beti dira jasangarriagoak, seguruagoak eta egokiagoak. Azpiegitura garrantzitsua eta handia denez, lanak eta eragozpenak ekarriko ditu, baina aldi berean, baditu beste hainbat elementu positibo: ekonomiaren sustapena, enpleguak, inbertsioa...
Tolosaldeko osasun zerbitzu publikoa kezka iturri bilakatu da azken hilabeteetan.
Bailarako alkate guztiak elkarrekin ari gara lanean, Tolosaldea Garatzenen barruan. Bi mozio atera dira hortik, nahiko antzekoak, eta guk horietako bat aprobatu dugu: Egungo egoera kontuan hartuz, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskualdeko ospitale publiko bat eraikitzeko zein aukera dauden lantzearen aldekoak gara. Baina oso garrantzitsua da egungo egoera kontuan hartzea, Asuncion Klinikan 300 langile aurkitzen baitira. Asuncion publikoa izan dadin zein aukera dauden aztertzearen alde atera ginen gehienak Udalbatzaren bilkuran. Beste bailaretan dagoen sistema publikoa nahi dugu eta hori jakinarazi genion sailburuari. Eskualdeko alkateekin gai honen inguruan eztabaidatzeko konpromisoa hartu zuen, nahiz eta gauzak oso garbi dituela esan zuen.
Egun dagoen egoera ikusita eta aztertuta, kudeaketa era batekoa edo bestekoa izan, gure helburu nagusia, Tolosaldeko herritar guztiek beste bailarek duten zaintza beretsua edukitzea izan beharko litzateke.