Tolosaldeko Triatloi Taldeko (TTT) Maider Gaztañagak lorpen handiak eskuratu ditu azken asteotan. Gipuzkoako duatloi txapelketa irabazi berri du. Pasa den asteburuan, Ermuako sprint duatloia irabazi zuen, eta distantzia arruntean bigarren eta hirugarren postuak lortu zituen Azkoitian nahiz Oñatin, hurrenez hurren.
Denboraldi honetako lehen garaipena duela bi aste lortu zuen Gaztañagak, Ermuan. Sprint distantziako duatloia izan zen, eta herria aldapatsua denez, proba oso bizia izan zela diote Tolosaldeko Triatloi Taldeko arduradunek. Maider Gaztañagak 5-20-2,5 minutuko denbora tarteetan bete zuen proba, eta korrika egin beharreko bi partzialei esker lortu zuen garaipena. Hain zuzen ere, korrikako bigarren zatian utzi zuen atzean Itsaso Leunda tolosarra, garaipena ziurtatuz. Ez da bi emakume hauek lehia bizian aritu diren lehen aldia izan Ermuakoa, izan ere, pasa den martxoan Oñatin ospaturiko duatloian ere, antzeko norgehiagoka izan zutenGaztañagak eta Leundak; han Leundak aurrea hartu zion, bigarren postua lortuz. Era berean, Azkotiako proban ere, Gaztañaga bigarren postuan iritsi zen, eta Leunda, berriz, hirugarren postuan; hain justu Azkoitiako proban lortu zuen Gaztañagak, Gipuzkoako Duatloi Txapelketako garaipena.
Datozen asteetan, triatloiak izango dira bere jomuga: maiatzaren 1ean Senpereko proban parte hartuko du, eta ekainaren 26an, berriz, Donostiako nazioarteko triatloiean parte hartuko du.
Ordiziar bat TTTn
Maider Gaztañaga ordiziarra da, eta bere senar Gorka Sarasola kirolariaren bidez hasi da Tolosaldeko Triatloi Taldearekin lanean.
Igerilaria da izatez, eta horretan jardun zuen 90. hamarkadan. Bide horretan, duela zazpi urte hasi zen krosetan, igeriketa zeharkaldietan, triatloietan nahiz duatloietan parte hartzen; amatasuna dela eta geldialdia izan zuen arren, joan den urtean itzuli zen berriro, lehiaketetan parte hartzera.