Fusioa, musika intimoa eta rock-a izango dira apirileko protagonista

tolosa 2011ko apirilaren 1a

Askotariko musika eta diska estreinaldiren bat ere izango da hilabete honetan Bonberenean.

Gaur bertan, bi kontzertuz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Kea talde beasaindarrak, Copenhague izeneko bere bigarren diska kaleratu berritan, doinu intimoak eskainiko ditu, indie eta pop-rockaren ildotik. Cerdos de Grunge taldea ere, oholtza gainean izango da gaur gauean, 22:30etik aurrera.

Bihar berriz, flamenkoa oinarri hartuta, munduko musikekin fusioa egiten duen Ja Ta Ja talde nafarrak zuzenekoa eskainiko du, eta abestu eta musika jotzeaz gain, dantza ere egingo dute.

Datorren asteburua, rock doinuekin hasiko dira Bonbereneako emanaldiak, Boogie Van errenteriarrekin,  eta Mulerekin. Hilaren 9an, berriz, Garate eta Fiachras taldeek bisitatuko dute Tolosa. Azken hauek, beren azken lana aurkeztuko dute Bonberenean. Beste musika talde batzuetatik datoz Fiachraseko kideak, eta estilo zehatz batzuetako musika jotzeaz aspertuta, ez dute etiketarik nahi. Minimalistak direla dio zenbaitek, baina eurek ez dute sailkapenik nahi.

Apirilaren 15ean, KOP talde kataluniarraren hardcore doinuak izango dira entzungai, eta baita Governors euskaldunen rock alternatiboa ere. Azkenik, hilaren 16an, tolosaleko Keiran taldeak zuzenekoa eskainiko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!