Aranburu Jauregian bisitari gehien jaso dituen erakusketa

Ataria 2011ko martxoaren 30a

Jeiki, Jeiki Tolosako Inauterien gaineko erakusketa, Aranburu Jauregiak hartu dituenen artean bisitatuena izan dela esan dute antolatzaileek: «Urtarrilaren 21etik martxoaren 20ra bitartean 7.340 bisitari hartu ditu».

Tlsbat departamentuak antolatu eta Nestor Ardanaz tolosar argazkilariak koordinatu duen erakusketak, garai bateko zein gaur egungo Tolosako Inauterietako irudiak eta testigantzak bildu ditu. Tlsbat-etik azaldu dutenez, «horretarako, ezinbestekoa izan da, eta zinez eskertzekoa, hainbat erakundek emandako laguntza eta babesa: Ipar Kutxa, Tolosako Udaleko Turismo Departamentua, Tolosaldea Tour, Tolosa&Co... eta bereziki herritarren partaidetza, materiala ekarriz zein bisitari moduan».

Erakusketan Inauteriei buruzko ikuspegi historikoa, herrikoia eta anitza eman nahi izan dela gaineratu dute udaletik, «bilduma ezberdinetako irudiak zein herritar askok, 225 tolosar inguruk utzitako irudiak bilduz. Erakusketa haziz joan da egunek aurrera egin ahala, eta bukaeran, 4.000 argazki baino gehiagok osatu dute azken bilduma».

Argazkiekin batera, hiru ikus-entzunezko ere egin eta eman dira, hauetako bat, Tolosaren irudia hemendik kanpora erakusteko balioko duena izango da, tlsbat-en esanetan. Beste batean, 70 tolosar ingururi egindako elkarrizketak jaso dira, ikuspegi ezberdinak islatzeko ahaleginean.  Gainera, hainbat tolosarrek utzitako mozorro, eta pieza esanguratsuak ere ikusgai izan dira.

Aranburuko erakusketaren harira, hainbat jarduera ere burutu dira: galdera-jokua haurrentzat, Aurrez Aurre jardunaldiak...

Halaber, Aranburu Jauregia topagune nagusi izan duen erakusketaz gain, hortik kanpora ere beste zenbait gune hartu ditu: herriko dendak eta Topic. 215 dendetako erakusleiho izan dira ekimenean parte hartu dutenak, garai ezberdinetako Inauterietako argazki bana erakusten. Topic-en erakutsi diren irudiak, berriz, Inauteriekin eta txotxongilo eta panpinekin zerikusia dutenak izan dira.

Balantzea egiterako orduan, ondorioz, «gustura» agertu dira ekimenaren sustatzaileak:

«Egitasmoa hain era pozgarrian amaitu den honetan, eta Inauteriek horrelako ahalegina merezi dutela sinistuta... hurrengo urratserako lanean hastea besterik ez dago!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!