Bedaioko Artubi elkartea aurten ere hainbat ekimen bideratzen ari da, auzoa ezagutarazteko eta bedaiotarren artean harremanak sendotzeko. Jose Ramon Zubillagari tarte berezia egingo diote. Aurten Abaetxe zaharra baserrian jaio zela 120 urte betetzen dira. Garai hartako euskaldun asko bezala, atzerrira, Argentinara, joan behar izan zuen. Bertan idatzi zituen Lardasketa eta Euskaldunak Argentinan liburuak. Bada, ordea, idatzi zuen beste liburu bat, baina argitaratzera iritsi ez zena: Ene sorterria, 1965. urtean idatzia.
Aurten, Zubillagaren familiari esker, eta www.bedaio.com web orrialdearen bitartez, astiro-astiro liburua pasartez pasarte argitaratzen joango dira. Nekane Izagirre bedaiotarrak dioenez, «Jose Ramonek liburuan agerian uzten du, oinak Argentinan izan arren, bihotza bere sorterrian, Bedaion, duela. ‘...auzoko oitura zaarrak eta onak jaulkitu nai dizkizuet…’, liburuan dion bezala».
Abaetxe jatetxearekin elkarlanean, Artubik «ekitaldi erakargarriz» bete du 2011ko egutegia, bai bedaiotarrentzat eta baita bertara joaten diren guztientzat ere. Urtarrilean hartu zuten Artubiko batzordekide berriek erreleboa, eta hauek «gogotsu eta indartsu» ekin diote urteari. «Lan egiteko nahia, gaitasuna eta ilusioa bai bedaiotarrok, baina baliabide urriak», gaineratzen du Izagirrek.
Dagoeneko bi ekitaldi egin dira. Otsailean barrikotea egin zuten, eta 65 lagun izan ziren bertan. Aurreko asteburuan, Bedaioko emakumeei beraien seme eta senarrek afaria prestatu zieten Abaetxe jatetxean. Datorren hilerako informatika ikastaroa antolatu dute eta interneten murgiltzeko aukera izango da.
Kirol alorrean, ekainean V. Mendi martxa eta BTT proba izango dira. Aurten, gainera, BTT zirkuitua aldatu eta luzatu egingo da, parte-hartzaileentzat ahalik eta erakargarrien izan dadin. Irailaren azkeneko igandean ez du hutsik egingo IV. Zaldi Raid lasterketak.
Kulturari dagokionez, ekainean izango den asteburu kulturala antolatzen ari dira. Harri Jaiarekin batera, besteak beste, argazki zaharren erakusketa, eta Bedaioko haurrekin batera Tolosako musika eskolako haurren emanaldia egingo dira.