Azken asteetan Japonia gertuagotik ezagutzeko aukera eduki dugu, albiste txarrak medio. Bere ohiko aurpegia erakusteko ordea, Tolosako Ekinbide Etxeak Amalur Jardunaldiak 2011 antolatu zituen. Apirilaren 9ra arte, uharte honetako paisaiak, kulturak, historia, pertsonak eta abar, Tolosan izango ditugu ikusgai.
Sei urte pasa dira Amalur Jardunaldiak abian jarri zituztenetik. Ekialdeko Afrika (2006), Nepal (2007), Artikoa (2008), Amazonia (2009) eta Basamortuetara (2010) bidaiatu eta gero, aurten Japoniara egingo dute bidaia. Ekinbide Etxetik azaldu dutenez, «mundua guregana ekartzeko asmoz sortu zen Amalur, eta zuei guztioi gonbitea luzatzen dizuegu, gurekin mundu hori deskubritzera etor zaitezten. Hori da eta bidaiaren funtsa, ezagutu eta maitatzea. Natura, Bidaia, antropologia... herrialde bat deskubritzeko abiapuntua, behar bada, gu geuk hobeto ezagutzeko aitzakia».
Aurtengo lehen ekimena martxoaren 28an eta 29an egin zuten. Mikel Arredondok Zure bidaia antolatu izeneko tailerra zuzendu zuen. Apirilaren 4ean eta 5ean jarraipena edukiko du tailerrak. Horrez gain, beste hamaika ekitaldi antolatu dituzte apirilaren 9ra bitarte.
Egitaraua
BIHAR, HILAK 30
19:15ean. Zine Kluba Leidorren. Takeshi Kitano zuzendariaren Zatoichi pelikula.
APIRILAK 6, ASTEAZKENA
19:30ean. Ander Elorzaren dokumentalaren aurkezpena Topic-en, euskaraz. Extralurtar lurraldea.
APIRILAK 7, OSTEGUNA
19:30ean. Sergi Ramisen hitzaldia Topic-en, Japonia, erabilera jarraibideak gaiaren inguruan. Gazteleraz.
APIRILAK 8, OSTIRALA
19:30ean. Rosa Maria Calafen hitzaldia Topic-en. Japonia, ez aurrera ez atzera geratu den potentziak nortasuna bilatzen du izango da gaia. Gazteleraz.
APIRILAK 6, 7, 8 eta 9
Bonsai eta Suikesi erakusketa Honbu Kenpo-Kai elkartearen eskutik.
APIRILAK 9, ASTEAZKENA
10:00etan. Honbu Kenpo-Kai elkartearen eskutik Shodo edo japoniar idazkera tailerra Topic-en. Sarrera 5 euro.
11:30ean. Honbu Kenpo-Kai elkartearen eskutik Ikebana tailerra. Sarrera 10 euro.
10:00etan. Honbu Kenpo-Kai elkartearen eskutik Kenpo-Kai erakustaldia.