Euskara eta Hezkuntza batzordearen proposamenarekin bat egin zuen iragan astean gobernu batzarrak. Bertan hartutako erabakiaren arabera, Nafarroa Oinez, Kilometroak, Herri Urrats eta Korrika diruz lagunduko ditu Tolosako Udalak, 1.000na eurorekin.
Gobernu batzar honetan, beste hainbat erabaki ere hartu ziren. Besteak beste, udaleko Hirigintza sailean aholkularitza lanetan dabilen Sociedad Earki 2007 SLP-rekin lanean jarraitzea. Udalak eta Earkik 2009ko maiatzean sinatu zuten bi urteko akordioa. Gauzak horrela, hitzarmena aurtengo maiatzean amaituko da. Enpresatik luzapena eskatu zuten eta gobernu batzarrak baiezkoarekin erantzun dio. Ondorioz, hitzarmena 2013an amaituko litzateke.