Berdeguneak hobeto ezagutzeko aukera izango da larunbateko Zuhaitz egunean

tolosa 2011ko martxoaren 17a

Herritar nahiz ikasleek Tolosako berdeguneez gozatu ahal izango dute bihar, zuhaitzak landatzearekin batera; Tolosako Ingurumen Zentroaren eta Tolosako Udaleko Ingurumen departamenduaren eskutik, zuhaitzaren eguna ospatuko dute.

Herritarrei zuzenduriko ekintzen artean, Tolosako berdeguneetara bisita gidatua izango da. Hain zuzen ere, orain gutxi argitaratu duten Tolosa Berdez liburuxkari jarraituko diote, eta Zabalarreta parkeko uharkan hasiko da ibilbidea goizeko 11:00etan. Ordu betez arituko dira herriko hainbat berdegune bisitatuz, hala nola, Zabalarreta, Zumardi Haundia, Gernikako Arbolaren lorategiak eta Emeterio Arrese. Behin ibilbidearekin amaituta, Lizardi Plazara joango dira, eta bertaratuek han burutuko den landaketan parte hartu ahal izango dute. Herriko lorategi nahiz berdeguneak azalpenez lagundurik bisitatu nahi dituen edonork, Tolosako Ingurumen Zentroarekin harremanetan jarri beharko du, 943 65 25 44 telefono zenbakira deituta.

Landaketa

Aurten, iazko zuhaitz eguneko ekimenari jarraipena eman nahi izan diote, eta Zumalakarregi kalean zenbait zuhaitz landatuko dituzte bihar.

Joan den urtean, Zubi Berritik Lizardi plazarainoko zatian burutu zuten landaketa, eta aurtengoan, aldiz, Lizardi plazatik zezen plazaraino doan bidean izango da. Jada hamabost astigar arrunt landatu dituzte bide-zati horretan, eta bihar, Magnolia Kobus aleak izango dira herritarrek eta udal ordezkariek landatuko dituztenak.

Modu honetara, Zumalakarregi kalean honako espezieak izango dira: keaki-ak, ginkgo-ak, altzifre arruntak, lizar hostodun astigarrak, katalpak, udare arbolak, aranondoak, sasiakaziak, jupiter zuhaitzak, hostazuriak, arteak, platano arruntak, lizarrak eta turkiar urritzak.

Ikasleentzako ekintzak

Zumalakarregi kaleko zuhaitzen landatzeaz gain, Tolosako ikastetxeetako ikasleek bestelako ekintzak izango dituzte ingurumenaren eta landarediaren harira.

Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek ginkana izango dute, Zabalarreta parkean. Gero Berazubiko dikean zuhaixkak landatuko dituzte, eta ikasle bakoitzak landare bana jasoko du opari. 12:00etan, Lizardi plazako zuhaitzen landaketarekin jarraituko dute neska-mutilek ere.

Era berean, DBHko ikasle guztiek Zuhaitza, ur erreserba eta CO2 xurgatzailea izeneko lan-fitxa batzuk landuko dituzte astean zehar eskoletan, zuhaitz egunaren harira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!