Usabaletik Tolosara begira jarriko da aurten Gipuzkoa Encounter

tolosa 2011ko martxoaren 16a

Usabal kiroldegiko ordenagailuen topaketak izango du bere txokoa aurten Tolosako erdigunean ere. Bosgarren Gipuzkoa Encounter-a datorren ostiralean hasiko da, 10:00etan, eta igandean, hilaren 20an, 17:00etan bukatuko da. 1.200 metro karratuko espazioan, jokoak, diseinua, musika, zozketak eta beste hainbat ekintza izango dira.

Encounter-a bezalako informatika party-ek Europako iparraldean dute jatorria, eta Alemanian, Finlandian eta Danimarkan oso ohikoak dira 80ko hamarkadaz geroztik. Gipuzkoa Encounter-a Euskal Encounter-aren osagarri moduan sortu zen, eta atal espezializatuagoak ditu; aurten eduki anitzez josia izango da informatika zaleen bosgarren festa.

Instalazioak

Asteburuan Usabal kiroldegira bertaratzen den edonork, ordenagailuez gain kontsolak eta lotarako guneak ere aurkituko ditu.

Sare-konexioari dagokionez, ProCurve Switch-en bidez, 1.000 Mb-eko konexioa izango da, eta Scwitch-en artekoa berriz, 20 Gb-ekoa; segundoko Gb bateko sarbide indartsua izango da, beraz. Encounter-eko parte-hartzaileek Usabal kiroldegiko kantxan ezarriko dituzte euren ordenagailuak, aurretik hartuta dituzten lekuetan; entxufe bat eta sare lokal bat izango dituzte aurretik izena eman dutenek.

Inskripziorik egin ez duten informatika zaleek ere izango dute, ordea, lekurik. Horrela, kontsola gunea izango da merkatuko jokorik berrienak probatzeko.

Future gunean zozketak, tailerrak nahiz erakustaldiak izango dira, eta ordenagailu kaxen eraldaketa artistikoki zein funtzionalki sarituko duen modding txapelketa ere ospatuko dute.

Topaketan zehar gertatzen den guztia, bestalde, Usabalgo pantaila erraldoiaren bidez jarraitu ahal izango dute; hainbat proiekzioz gain, parte-hartzaileek egindako lanak ere ikusgai izango baitira. Azkenik, eta urteroko moduan, Gipuzkoa Encounter-era etortzen diren parte-hartzaileek izango dute lo kuluxkaren bat egiteko parada, kiroldegi barruan kanpin dendak, koltxonetak eta lo zakuak jartzeko lekuak utziko baitizkiete.

Tolosagune, herritarrentzat

Aurten lehenengoz, Gipuzkoa Encounter-en gertatzen dena herritarrei gerturatzen saiatu dira antolatzaileak, eta horretarako Tolosako Trianguloa plazan bi gune izango dira. Alde batetik, interneteko sarbidea duen autobusa jarriko dute, eta informatikari eta sareei buruzko zalantzak argitu ahal izango dira, Euskaltelen 50 Mb-eko konexio berria probatzearekin batera.

Era berean, Kultur Etxeko ekitaldi aretoa ere gune garrantzitsua izango da asteburuan; hitzaldiak antolatu dituzte, eta partaideek euren ordenagailuak eramateko aukera izango dute.

Horrela beraz, Twitter-en ikastaro batekin hasi, eta sare sozialak, blogging-a, ordenagailu bidez audioa sortu eta grabatzea edo online erraz eta seguru ligatzea bezalako gaiak izango dituzte hizpide Kultur Etxeko hitzaldiek.

Honetaz gain, sare sozialen gehiegizko erabilera oinarri duen antzezlana izango da Trianguloa plazan larunbatean, eta GKo Galeriak ere USB bidezko konexio puntuak jarriko ditu herrian barrena, artxiboak eta informazioa elkartrukatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!