Bonbereneak bere etorkizuna ezagutu nahi du

tolosa 2011ko martxoaren 16a

Bonbereneak, ‘Bonberenea Sutan’ ekimenaren baitan, Tolosako Udalaren San Esteban auzoko hirigintza proiektuarekin desadostasuna adierazi nahi izan du azken egunotan. «Oinarrian, Bonberenea errespetazen ez duen hirigintza proiektu baten aurrean» daudelako atera dute aldarria, eta etxea gaur egun dagoen leku berean mantentzea defendatzen dute.

Lehenik eta behin, zonalderako udalak aukeraturiko hirigintza eredua «Bonbereneak defendatzen duen etxebizitza eredu sozialarekin inondik ere bat ez dator», eta Tolosak «harrotasunez» erakusten duen hiri berdeak modu honetara baliorik ez lukeela diote.

Bestalde, udalak Bonbereneako etxearen egoera argitzeko garaian erakutsi duen «pasibotasuna» salatzera datoz. Izan ere, Bonbereneako taldeak «oraindik ez daki gaur arte egindako lanak zein etorkizun izango duen». Honen harira, Bonbereneako etxea botatzeak «bai Tolosan, bai Euskal Herrian» kulturaren arloan sekulako galera ekarriko lukeela nabarmendu nahi dute arduradunek.

Herritarren parte-hartzea «bigarren mailara zokoratua» izan dela ere salatu dute Bonbereneakoek, «udalak ez baititu aintzat hartu» Bonbereneako ekintzen garapenean era aktiboan parte hartzen duten herritarrak. Bide beretik, gaur egun Tolosako gazteek okupatutako eta autogestionatutako leku batean era boluntarioan jarduera anitzak burutzeko duten leku bakarra Bonberenea dela argi utzi nahi dute, horrek duen garrantzia azpimarratuz: «nolabaiteko eskola bilakatu da Bonberenea, musika, diseinu grafikoa nahiz bideogintza bezalako alorretan trebatzeko aukera eskainiz».

Bertako lantaldeaz gain, bestalde, San Estebango, eta oro har Tolosako bizilagunek Bonberenearen proposamenari babes osoa eskaini diotela adierazi nahi dute, eta «horren lekuko dira taldeak antolatutako San Joanetako kalejira jendetsua nahiz sinadura bilketa».

Egoera honen aurrean, Bonbereneako lantaldean «zalantzak eta ziurgabetasuna» nagusi dira, eta Bonberenearen errausketa berehalakoa ez bada ere, «Jokin Bildarratzek eta udalak auzi honen inguruan, epe laburrean, erabakirik hartu ezean, ondorioak gaindiezinak» izan daitezkeela diote. Horrela beraz, Bonbereneak gardentasuna eskatu nahi izan dio udalari: «eraikinaren auziaren inguruan duen jarrera publiko egin dezaten nahi dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!