Urte Berri On Tolosa

tolosa 2011ko martxoaren 3a

Tolosa jai giroan murgilduta dago atzo eguerdiaz geroztik. Ostegun Gizena euripean hasiagatik, txupinazoaren unea errespetatu zuen eguraldiak. 2011ko Inauteriei hasiera emateko, 12:00etarako plaza leporaino bete zen. Nabaria zen jendearen aurpegietan festarako gogoa.

Urteroko ohiturari jarraituz, Kabi Alai Elkarteko kideek bota zuten pregoia eta txupinazoa. 12:00ak jo aurretik iritsi zen On Ostegun Gizen pertsonaia ere. Plaza guztia jende artetik gurutzatu eta udaletxeko balkoira igo zen.

Kide guztiak elkartu eta balkoira atera ziren. Aurreko urtea krisia gora eta behera ibili ziren eta aurtengo ere horrela datorrela esanez hasi zuten pregoia.

Gainera, Tolosarrek urtea Inauterien zain pasatzen dutenez, aurten urte berria Inauteriekin batera hasi dute. Hamabi kanpaikada eta txapliguekin urteari hasiera eman zioten. Eta «Gora» oihuen ostean, iritsi zen jaiari hasiera ematen dion suziria.

Orduantxe lehertu zen festa. Txaranga doinuekin batera, jende guztia saltoka ikus zitekeen Alde Zaharreko kaleetan.

Inauterizale kuttuna

Aurten lehen aldiz Inauterizale kuttuna izendatu dute eta pregoiaren bidez jakinarazi zuten nor izan den lehena. Kasu honetan, Eskaut San Bernardo Aisialdi Taldeari egokitu zaio. «Inauterien alde egin duten ibilbide luzeagatik eta egun Astelehenitan bizitzen dugun giroaren aitzindari eta bultzatzaile izan direlako».

Atzoko ajeak alde batera utzita, gaur ere, Ostiral Mehea ospatzeko kalera aterako dira tolosarrak. Inguruko herrietan ere, Inauteri usaina nabari izaten da. Hori dela eta batik bat, eskoletan mozorrotzen dira haurrak eta gurasoekin batera zezenetara joaten dira. Ondoren kalejirarekin jarraituz.

Aurten lehen aldiz, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak, zuzenean eskaini zuen Txupinazoa. Argazki eta bideoak, www.tolosa.hitza.info web orrian daude ikusgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!