«Tolosako Inauterietan dagoen giroa ez dago inon»

tolosa 2011ko martxoaren 2a

Jose Javier Garciak 37 urte daramatza txarangetan jotzen Inauterietan. Villabonan jaio eta hamaika urterekin joan zen bizitzera Tolosara. Hiru txarangekin ziur jotzen du: Alcoyano, Poca Tripa eta Txaranga del Oria. Kabi Alairekin ere jo izan du. Galtzaundi abestia du Inauterikoen artean kuttunena.

Nolako egitaraua izaten duzu Inauterietan?

Ostegun Gizenean eta igandean Alcoyanorekin jotzen dut. Astelehenean Poca Triparekin. Larunbat eta igande gauean Txaranga del Oriarekin ariko naiz. Larunbatean, gainera, danborradarekin ateratzen gara. Asteartean pentsatzen dut Kabi Alairekin aterako naizela, baina oraindik ez dakit.

Ostiral Mehea libratzen duzu, orduan.

Aurten Txaranga del Oriarekin Azkoitira goaz. Handik deitu digute eguerdian pare bat orduz jotzeko, baina ez dakit ziur zer ekitalditan ariko garen.

Urte asko daramatzazu txarangetan, ezta?

Poca Triparekin 37 urte. Alcoyanorekin 36 urte izango dira eta Txaranga del Oriarekin 28 urte.

Mozorrotzen al zara?

Txarangetan aritzen naizenean talde bakoitzeko arroparekin janzten naiz. Bestela ez dut denbora asko izaten. Txilaba janzten dut eta kito.

Nola bizitzen dituzu Inauteriak?

Oso ondo, oso alai bizitzen ditugu festak, baina azkenean nekatuta bukatzen dut. Dagoeneko ez dauzkat 20 urte eta helikoiak asko pisatzen du, hamabi kilo inguru.

Helikoia bakarrik jo izan duzu?

Hasieran tronboia jotzen nuen eta gero hasi nintzen helikoiarekin.

Hutsik egin al duzu Inauterietan?

Donostiako Antigua auzoan elkarte bat badago eta urtero danborrada beraiekin jotzen dut. Ostiraletik asteartera beraiekin Alemaniara joateko deitu didate, hango herri batean danborra jo behar dutela-eta. Nik esan nien ezetz, ez nintzela Tolosatik joango Inauterietan.

Jendea txarangazalea dela esango zenuke?

Tolosan bai ibiltzen dela dantzan eta saltoka jendea. Baina hemendik kanpo jendeak ez du dantza handirik egiten. Entzun egiten du eta txaloak jotzen dizkizu, baina dantza gutxi. Tolosan zezen-plazara joaterakoan eta bertatik ateratzerakoan jende asko elkartzen da. Niretzako oso berezia izaten da, txikitatik, lauretan atera udaletxetik eta zezen-plazaraino joatea.

Txarangakoei gustatuko zaizue inguruan jendea dantzan izatea.

Jendea inguruan dagoenean gusturago jotzen duzu. Gainera jendeak beste bat jotzeko eskatzen dizu eta animatu egiten zara.

Gauetan zer giro izaten da txarangaren inguruan?

Azkeneko urteetan ez da jende asko izaten. Bi txaranga ateratzen gara gauetan. Gu goitik ibiltzen gara, Hotel Oria eta Dickens  tabernaren inguruan. Jende gehiago izaten da Alde Zaharrean.

Zer ezberdintasun dago Tolosako Inauterien eta beste herriko festen artean?

Hemengo giroa ez dago beste inon. Baionan adibidez milaka pertsona izaten dira, denak zurigorriz jantzita, sanferminetan bezala. Inork ez du salto edo dantza egiten.

Sanferminetan ere izan zara txarangan jotzen?

Peña Union elkartekoekin. Han giroa ere ona izaten da. Jendeak saltoka egiten du, batzuetan gehiegi, bultzatzeraino.

Inauteriak gerturatu ahala, urduritasunik izaten duzu?

Aurretik Donostiako Ibaeta auzoko festetara joan ohi gara eta han Inauterietako pieza batzuk jotzen ditugu. Horrela motorrak berotzen joaten gara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!