Ezker abertzaleak historikoki Jaiak bai, borroka ere bai leloari jarraitu izan dio, herriko
ospakizunetan errebindikazio politikoei bide emanez. Ireki den fase politiko berrian, beste
hainbeste. Prozesu demokratikoa, herritarron hitza eta erabakia, eraldaketa sozial eta politikoa, presoen eskubideak, Pello Odriozolaren bahiketa, giza eskubide guztien errespetua, langile borrokak... isla izan behar dute festa gunean, errealitate bat diren heinean. Baina Jokin Bildarratz buru duen Tolosako Udalari ez zaio ondo iruditzen antza. Rodolfo Ares, Gerra Kontseilariarekin egin zuen agerraldi hura buruan dugu oraindik: «Kartelik hoberena inprimatzen ez dena da eta pankartarik hoberena ipintzen ez dena».
Nekez aurkitu liteke faxismotik gertuago dagoen esamolderik. Zapalketa jasatea nahikoa ez eta kexatzeko eskubidea kendu nahi zaio langile herriari. Komunikabide ia denetan ateak itxita, kalea baino ez zaigu geratzen, eta hortik ere desagertuarazi nahi zaigu. Gogoratu Inauterietan egunero-egunero kentzen dutela propaganda politikoa (tematiak garenez, egunero-egunero berritzen baititugu). Aitzakia ere polita da gero: kaleak garbi mantentzea. Logika horri jarraituz, Tolosako Udalak antolatu duen The Wailers musika talde ezaguna anuntziatzeko kartelak ez al lirateke kendu behar? Alderantziz, tamaina polita duten kartel horiek eskualdeko herrietan ere itsatsi dira.
Ez gara erotuko orain. Kontzertuak edo beste edozein ikuskizunen berri ematen duten propagandak kalean egon behar du… propaganda politikoak ere bai!!
Jokin Bildarratzi deialdi zuzena beraz: propaganda politikoa kentzeko agindurik ez eman. Are gutxiago udal langileak horretara bidaliz, polizi lana egitera behartuz.
Herritarrak, Inauterietan parte hartu eta ondo pasatzera deitzen ditugu, herri honen arazoez ahaztu gabe, alaitasunez eta lagun artean egun hauek konpartitzera. Inauteri hauetan, errespetatu Adierazpen Askatasuna!
Tolosaldeko ezker abertzalea.