Plaza Berriko hamabost etxebizitza esleituko ditu udalak

tolosa 2011ko martxoaren 1a

Tolosako Udalak Plaza Berriko bigarren zenbakiko hamabost etxebizitza tasatu esleituko ditu, eta horretarako beharrezkoak diren oinarriak onartu dituzte jada. Aipaturiko etxebizitza hauen zozketan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago, eta beharrezkoak diren eskaera orriak eta  bete beharreko oinarriak udaletxeko erregistroan nahiz udalaren webgunean lor daitezke

Etxebizitza hauen esleipenean parte hartu ahal izateko, martxoaren 18a baino lehen Etxebizitza Tasatuen Erregistroan izena eman beharko dute interesa dutenek, eta euren diru-sarrerak ere kontuan izango dituzte. Gutxienez 9.000 eta 52.500 eurokoak izan beharko dute diru-sarrerek.

Azkenik, zozketa egiterakoan hiru zerrenda izango dira, etxebizitzetan bizitzera sartuko diren lagun kopuruaren arabera: lau edo gehiagoko kideen elkarbizitza unitateak, hiru kideko elkarbizitza unitateak eta bi gelako etxebizitzak.

Bi etxebizitza desberdin

Hamabost etxebizitza hauetatik hamaika lehenengo, bigarren eta hirugarren soilairukoak dira, eta honakoa da banaketa: jangela-egongela, bi logela eta bainugela bat. Beste lau etxebizitzek bi solairu izango dituzte, duplex erakoak izango dira, eta aurrekoak baino handixeagoak: sukaldea, jangela-egongela, hiru logela eta bi bainugela izango dituzte. Etxebizitza guztiek, gainera, trasteleku bat izango dute eraikinaren behekaldean. Apartementuek prezio nahiz neurri desberdinak izango dituzte, banaketa bera bezala, eta metro kopuruaren araberako prezioa izango dute. Horrela beraz, etxerik txikienak 47,50 metro karratuko azaleradunak izango dira 142.120 euroko prezioarekin, eta handienek aldiz, 82,40 metro karratuko azalera izango dute, eta 160.990 euroko prezioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!