Udaletxeko tramiteak on-line egin ahal izango dira aurrerantzean

tolosa 2011ko otsailaren 21a

Tolosako Udaleko web orria berrituta dator, eta berrikuntzarik nabarmenena, hemendik aurrera herritarrek tramiteak on-line egitkeo aukerarena izango da. "Bizimodu eta garai berrien aurrean erraztasunak eman" beharraz aritu zen Jokin Bildarratz alkatea, eta orain artean gestio gehienak internet bidez egiteko aukera bazen arren, udalarekin ez zela halakorik nabarmendu zuen.

Horrela beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei eskaintzen dien IZFE plataformari esker, ziurtagiriak lortu ahal izango dira, obra eskaerak burutu, eta expedienteak internet bidez jarraitu, besteak beste. Hau guztia egin ahal izateko, udalak berme juridikoak eman behar izan ditu, eta ezin izango du edonork edozein modutara sisteman sartu. NAN digitala, ONA txartela edo IZENPE txartela duen edonork sarbidea izango du, egin behar dituen gestio guztietarako sinadura digitala emanez. Txartel digitalik ez duen herritarrak, berriz, udalarekin harremanetan jarri beharko du, eta udalak pasahitz bat emango dio bere tramiteak burutzeko.

Jokin Bildarratzek eta Xabier Telleriak adierazi zuten moduan, baliteke 80 urteko herritar batentzat berrikuntza honek aurrerapenik ez ekartzea, baina "pixkanaka tramiteak berak ere beste filosofia batekin begiratzen hastea da helburua".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!