Aurten 75 urte betetzen dira Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol, fusilatu zutenetik. Tolosan 1896an jaio zen idazle, kazetari eta elizgizona Donostian aurkitzen zen 1936an, faxisten altxamendua hasi zenean. Beloken errefuxiatu behar izan zuen. Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritza sortu ondoren, Bilborako bidea hartu zuen itsasoz, baina Pasaia inguruan preso hartu eta Donostiako Ondarretako kartzelan sartu zuten. Han torturak jasan zituen eta urriaren 17ko gauerdian, Hernanin fusilatu zuten.
Aitzol euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren alde aritu zen lanean. Gaztelaniaz zein euskaraz idatzi bazuen ere, hizkuntz normalkuntzaren aldeko ekimenak bultzatu zituen, euskararen ofizialtasuna eskatuz, eta euskararentzat esparru berriak irabaziz.
Tolosan nahiz Euskal Herri osoan
Urteurren berezi honetan, Aitzol Euskal Pizkundearen Urteurrena aurkeztu da gaur eguerdian Tolosako udaletxean. Tolosako Udalak antolaturiko ekimena da, eta beste 18 erakundek babestu dutena. Aitzol eta bere belaunaldia gogora ekartzea eta omentzea da ekimenaren helburua. Horretarako ekintza desberdinak antolatuko dira urtean zehar, bai Tolosan, bai eta ekimenarekin bat egin duten erakundeetako herrietan ere.
Ekitaldian, Jokin Bildarratz Tolosako alkateak aurkeztu du lehendabizi ekimena; ondoren, Koldo Ordozgoiti kazetariak xehetasunak eman ditu; Andu Lertxundik berak urteurrenaren harira idatziriko aldarria irakurri du; jarraitzeko senitartekoen izenean Ramon Labaienek hitz egin du, Aitzol eta Euskal Pizkundearen inguruko ikus-entzunezko bat izan da ikusgai, eta Amaia Agirreren bertsoek eman diote amaiera ekitaldiari.
Tolosan antolatu diren ekitaldiak
- Martxoaren 18an, Joseba Ariztimuño Olaso Aitzolen jaiotzaren 115. urteurrena ospatuko da Tolosan. Bera jaio zen Gorosabel kaleko 12. atarian plaka oroigarria jarriko da. Aitzol euskaltegiak eta euskara erakundeak biltzen dituen Euskaraeneak bultzatuta egun osoan Aitzolen testuen irakurketa egingo da.
- Martxoaren 19an, geroa diren neska-mutilak zuhaitzen landaketa egingo dute Elosegi parkean. Horrela emango zaio hasiera Zintzoen Basoari, Tolosako berdegune handienean, Aitzol eta euskal pizkundearen, gizon-emakume haien txokoa izango da. Horrenbeste zor diegun gizon-emakume haien ondorengoekin batera, zabalduko da Zintzoen Basoa urriaren 16an, bizitza adierazgarri heriotzaren egunaren bezperan.
- San Joan egunean, hau da, ekainaren 24ean omenaldi berezia egingo zaie euskal pizkunde mugimenduko eragile nagusiak eta Tolosako alkate izan ziren Doroteo Ziaurrizi (Errepublikako lehen Alkatea) eta Antonio Maria Labaieni (Alkatea 1936an).
Hauekin batera, urtean zehar Tolosako kultur eskaintza Aitzol eta Euskal Pizkundearen inguruan tematizatuko da. Ekimenarekin bat egin duten Euskal Herriko erakundeek ere euren aldetik hamaika ekitaldi antolatuko dituzte, eta bat egingo dutenek ere berdin egingo dute.
Bestalde, urteurrenaren tresna nagusi bezala euskal pizkundea-ren webgunea erabiliko da, www.euskalpizkundea.net eta bertan bilduko da Aitzol eta Euskal Pizkundeari buruz dagoen informazioa, zein urtean zehar sortuko dena.