Tolosan 1813an izan zen bataila gogoratuko dute alarde baten bidez

tolosa 2011ko otsailaren 14a

1813an Tolosan 45.000 soldaduk parte hartu zuten frantses tropen eta hainbat herrialdeetako –ingelesak, espainiarrak, portugaldarrak, italiarrak eta alemaniarrak, besteak beste– gerlariek osatutako armadaren arteko batailan. Armada horretan ere gipuzkoarrek parte hartu zuten. Gertaera hori gogoratzeko alardea antzeztuko dute herrian ekainaren 12an, Andia kultur elkarteak eta udalak antolatuta. Garai horretan frantsesek Tolosa hartuta zuten eta bataila gertatu aurretik, bost urtetan zehar jendarmeria izan zuten bertan.

Alardean ehun lagunek parte hartuko dute, horietatik 60 tolosarrak, frantses eta ingeles uniformeekin eta garai hartako armekin. Tolosako parte-hartzaileak eskopetari konpainietatik aukeratuko dira. Bestalde, bi kanoi ere erabiliko dituzte, bakoitza hiru artilleroekin. Lehenbizi herriko kaleetatik desfilea egingo dute parte-hartzaile guztiek eta gero bataila irudikatuko dute Nafarroako zubian. Tolosako Musika Bandak protagonismoa izango du, Beethovenen Vitoriako bataila pieza joko baitu alardea egiten ari diren bitartean. Jose Maria Tuduri Esnal da alardearen koreografia eta alde artistikoa zuzenduko duena.

Hurrengo urteei begira

Andia kultur elkartetik azaldu dutenez, ekitaldi horrek jarraipena izatea nahi dute hurrengo urteetan eta sanjoanetako festetan bere lekua izatea. «Lehen urteko ospakizunak ekitaldi gutxi izango ditu kostuak ez daitezen handiegiak izan, baina hurrengo urteetan, eskarmentua eta jendearen harrera kontuan izanik, emankizun gehiago atxiki daitezke: antzerkia, koreografia, partaide gehiago,...», azaldu dute prentsaurrekoan.

Hain justu, 2013an Napoleonen kontrako gerraren bukaeraren bigarren mendeurrena beteko da eta Hegoaldeko nahiz Iparraldeko hainbat elkartek urteurrena ospatuko dute, desfileak eginez edo bestelako herri-emankizunekin. Ospakizun horiekin bat egiten dutela azaldu dute Andiakoek.

Alardea egin aurretik, aurreko astean, bi hitzaldi emango dituzte Andia elkarteko kideek. «Independentziako gerra eta frantsesen okupazioa Tolosan» gaien inguruan ariko dira. Hitzaldietan parte hartuko dute Ramon Labaienek, Juan Agirrek eta Jose Antonio Rekondok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!