«Tolosaldea beti izan da leku fetitxe bat Berri Txarrak taldearentzat»

Iñigo Terradillos 2011ko urtarrilaren 13a

Berri Txarrak taldearen musikak hartuko du Bonberenea bihar gauean. Payola Tour biraren barruan egingo duten geldialdietako bat da Tolosakoa. Arrakastaz eta ikusminaz beterik dator, izan ere, kontzertuko eguna baino astebete lehenago sarrera guztiak salduak zeuden. Gorka Urbizu taldeko abeslariak dioenez, Tolosaldean zale ugari izan dituzte betidanik.

Eskualdean bigarren kontzertua emango duzue denbora tarte txikian. Hala ere, sarrerarik gabe jende ugari geratu da.

2010a ez da urte erraza izan taldean izan ditugun aldaketengatik, horregatik oso pozik gaude, jendea oso ondo ari delako erantzuten. Tolosaldearen kasuan, beti izan da leku fetitxe bat Berri Txarrakentzat. Adibidez, gogoan dut maketa ugari saltzen zirela Tolosaldeko gaztetxe eta tabernetan. Beti izan dugu harrera oso ona.

Arrakasta horren sekretua zein dela esango zenuke?

Kantuak direla pentsatu nahi dut. Jendeari gustatzen zaion edo jendearengan sortarazten duen zerbait dute abestiek. Abesti horiek lortzeko sekreturik ere ez dago. Guk barnetik irteten zaiguna egiten dugu, gustuko dugun musika eginez, eta zortea dugu jendea gure musikaren zain izaten dela. Hori sekulako pribilegioa da.

Bonberenea ederki ezagutzen duzue, maiz izan baitzarete bertan.

Jaio. Musika. Hil diskoa aurkezten izan ginen Bonberenean azkenekoz. Beraz, duela ia bost urte. Tarte honetan izan gara gehiagotan, Min hau edota Laboaren omenezko abestia grabatzen. Lagun onak ditugu bertan.

Nolakoa izango da biharko zuzenekoa?

Bira honetako bideari jarraituz, Payola azken diskoko kantuak  izango dira nagusi zuzenekoan, baina, horrez gain, denetarik izango da. Gogotsu gaude gaurko emanaldirako.

Taldean izandako aldaketak aipatu dituzu. Aldaketa handiak, denbora gutxian bi kide berri baitituzue.

Azken urteak mugituegiak izan dira talde barruan eman diren aldaketei dagokienez. Beti izaten da zaila taldekideen aldaketa, batez ere gure kasuan. Izan ere, Berri Txarrakek bere lehendabiziko 14 urtetan kide berak mantendu dira. Galder Izagirre bateri-jotzaileak, esaterako, dagoeneko 25 kontzertu inguru eman ditu, eta  oso erraz egokitu da. Laboaren omenezko kanta eta Herri Urratsen abestia grabatzeko estudioan izan gara, eta horrela pixkanaka elkar ezagutzeko aukera izan dugu. Oso giro ona dugu taldean, eta hirukote ona osatzen dugula esango nuke.

Bi abesti horietarako estudioan sartu zarete. Disko berria egiteko sartuko al zarete aurten?

Disko berri bat grabatzeo asmoa dugu. Urte amaieran edo uda ondoren lan berria argitaratu nahi dugu. Hori bai, oraindik ez dugu kanturik, denborarik ez baitugu izan kontzertuengatik, baina Herri Urratserako abestia grabatzen dugunean kantuak idazten jarriko gara.

Aurtengo Herri Urratserako abestia ere ari zarete egiten, beraz.

Elkarren estudioetan ari gara grabatzen une honetan. Sustrai Colinak egin ditu testuak eta guk geure burua aurkeztu genuen abestia egiteko. Gustura ari gara, eta jendeari gustatzea espero dugu.

Asian izan berri zarete, eta orain Ameriketara zoazte. Atzerriko zaleetatik zer jasotzen duzue?

Oso desberdina da, hemen dugun oihartzunik ez baitugu kanpoan izaten. Horregatik, bidea irekitzen joan behar duzu. Abentura hori asko baloratzen dugu. Hemen zortea dugu jende asko izaten baita kontzertuetan, eta zaleak oso esker onekoak baitira.

16-17 urte musika egiten daramatzan talde batentzat garrantzitsua da ezagutzen ez zaituzten lekuetan jotzea bezalako erronkak izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!