Tolosarekin anaituta dagoen Bir-Lehlu izeneko saharar errefuxiatuen kanpalekuetako herrian izan zen duela bi aste Jokin Bildarratz Tolosako alkatea. Egunotan, berriz, gurean da Abeid Moulud Bir-Lehluko alkatea. Hain zuzen ere, bihar goizean da biltzekoa Tolosako alkatearekin eta zinegotziekin. Bertako egoeraz hitz egingo dute, eta senidetzearekin har ditzaketen konpromisoak zehaztuko dituzte.
Alkatearekin eta zinegotziekin bilduko zara bihar. Zein da bileraren helburua?
Batetik, bi herrien artean dagoen anaitasun akordioa berrituko dugu, eta bestetik bien arteko harremana indartzea lortu nahi dugu.
Zer lortzen da bi herriak senidetuta?
Senidetzeak bi helburu desberdin ditu. Batetik, kooperazioarena dago, hau da, materialki egin daitekeena. Hor, esaterako, badugu buruan ur deposituekin egin nahi dugun proiektu bat. Bestetik, eta aurrekoa bezain garrantzitsua da bertako egoera politikoa ezagutaraztea. Kasu honetan, adibidez, han gertatzen denaren jakinaren gainean egotea litzateke helburua.
Tolosako alkatearen bisita jaso zenuten duela bi aste. Nola izan zen?
Udaletxea, gazteria zentroa edota haurreskola bisitatu zituen, eta nirekin ez ezik beste agintariekin ere bildu zen. Gure bizimodua eta kanpalekuetako errealitatea ezagutu zituen eta hori garrantzitsua da.
Nola deskribatuko zenuke sahararren egungo egoera?
Guk bakearen aldeko bidea hautatu izan dugu beti. Baina, aldi berean, egoera berrien aurrean erantzuna emateko prest egotea ere beharrezkoa da. Datorren astean Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko negoziaketa bilerekin jarraituko dute. Uste dut bilera horiek erabakiorrak izango direla. Hau da, gu ez gaude eskuak gurutzaturik denbora gehiago geratzeko prest. Zirt edo zart egiteko unea da. Bilera horietan aurrera egin nahi dugu. Argia ikusi nahi dugu, aurrera egin dezakegunaren esperantza emango diguten zantzuak. Eta horrela, pixkanaka, guk aldarrikatzen dugunaren bidetik joan nahi dugu, gure lurrak gure izatea lortu arte.
Aaiunen gertatu zenak esperotako ondorioa izan al du?
Marokok bortizki eraso zuen, heriotzak ere sortuz. Guk une hartan armak hartu genitzake, baina ez genuen egin. Hain zuzen ere hori zen Marokok nahi zuena, guk gerrari ekitea. Baina guk bakearen bidetik jotzen dugula erakutsi izan dugu behin eta berriro eta une horretan ere hori egin genuen.
Zer iruditzen zaizu Tolosaldean Sahararen alde egiten den lana?
Asko eskertzen dut. Ezagutzen dut Tolosaldean egiten den lana, Fronte Polisarioko euskal ordezkaria familiakoa izanik horren inguruan asko hitz egin didalako. Badakit, orain Gabonetan Merkatu Txikia dagoela eta bertan jasotako dirua saharar lurralde askean ikastetxe bat eraikitzeko izango dela. Bestalde, oso garrantzitsua da udan bi hilabetez haur sahararrak hona etortzea, bai osasun aldetik, bai eta heziketa eta beste hainbat arrazoirengatik, oso beharrezkoa da ekimen hori. Horrez gain, beste ekimen ugari egiten dira urtean zehar elkartasuna adierazteko, eta politikoki ere asko egiten da. Guretzat oso garrantzitsua da horrelakoekin jarraitzea, eta asko eskertzen dugu.