Urtarrilarekin batera barealdia etorri da

Iñigo Terradillos 2011ko urtarrilaren 4a

Ekitaldi ugari hartu dituen hilabetea izan da abendua. Tartean, Eguberrietako opor egunak ere bai, eta horien ostean, ohi baino bareago datorkigu urtarrila.

Batetik erakusketak nabarmendu daitezke, bost behintzat badaudelako ikusgai egunotan. Bisitatzeko azken egunetan sartu denetako bat Napoleon Bonaparteri buruzkoa da. Pertsonaia honi buruz idatzi, marraztu edota egin dena ikusi ahalko da Aranburu jauregian. Proposamen berezia da, baita ere, Puri Etxaburua tolosarrarena. Reborn izena hartzen duten haur jaioberriak irudikatzen dituzten panpinak egiten ditu, eta bere bilduma jarri du ikusgai Aranburun.

Bukatzear dagoen bestea Angel Cuerdorena da. Bere bidaietako argazkiekin osatu du. Hastear daudenen artean, berriz, Tlsbat saila Nestor Ardanaz argazkilariarekin batera burutzen ari den Inauteriei buruzko erakusketa azpimarra daiteke.

Antzerkia eta kontzertuak

Bestalde, antzerkiari dagokionean, Txalo konpainiaren Bajinaren bakarrizketak izango da Leidor aretoan ikusgai. Txolarrek antolaturiko bertso jaialdiaz edota Dantzaz konpainiaren Mintzo emanaldiaz ere gozatu ahalo da urtarrilean. Halaber, Ero-Etxe elkartearen krosa ere izango da.

Ohi bezala, kontzertu zerrenda oparoa dugu hilabete honetan ere. Atila y los Unos taldeak Fronton kafetegian joko du. Bonberenean izango diren zuzenekoetan, berriz, Berri Txarrak taldearena nabarmendu daiteke.

Egitaraua

Aranburu jauregia

Napoleon, basatiaren beste aurpegia. Eusko Ikaskuntzaren bidez antolaturiko erakusketa, ikusgai, hilaren 8ra arte. Napoleonen alderdi desberdinak erakusten dituzten elementuekin osatua. Azken egunean, hau da, hilaren 8an, bisita antzeztua egingo dute, 17:30ean. Aranburu jauregian bertan hasi, herritik ibilbidea egin, eta Aranburu jauregian amaituko da. Doan izango da.

Bizia. Puri Etxaburua tolosarraren erakusketa, berak eginiko reborn panpinekin (haurtxoak irudikatzen dituztenak) osatua. Ikusgai dago hilaren 8ra arte.

Mundu bete kolore. Angel Cuerdoren erakusketa dago ikusgai, hilaren 8ra arte. Cuerdok azken 10 urteetako bidaietan jasotako argazkien bilduma da. Argazkiak salgai daude, 50 euroan, eta jasotako dirua Sahararen aldeko proiektuetara bideratuko da, Merkatu Txikiaren bidez.

Jeiki Jeiki. Tolosako Inauterien inguruko erakusketa izango da ikusgai urtarrilaren 14tik martxoaren 12ra. Udaleko Tlsbat sailak antolatu du, eta herritarren irudiekin eta iritzi eta bizipenekin osatu du.

Topic

Wayang Golek. Indonesiako txotxongiloen erakusketa dago ikusgai Txotxongiloen Nazioarteko zentroan, urtarrilaren 10a bitarte.

Imajinazioaz haratago. Jon Magic mago irurarrak emanaldia eskainiko du, hilaren 7an, 20:00etan.

Txirulari majikoa. Teatro paraiso taldearen emanaldia izango da ikusgai, hilaren 8an, 18:00etan.

Kultur Etxea

Merkatu Txikia. Laskorain ikastolak antolatuta, Ekuador eta Sahararen aldeko Merkatu Txikia, urtarrilaren 9ra arte egongo da zabalik.

Odol ematea. Hileroko odol ateratzea hilaren 17an izango da, 18:30etik aurrera.

GKO Galeria

Artearen merkatua. Urtarrilaren 22ra arte.

Mixmedia. Urtarrilaren 29tik aurrera izango da ikusgai bartzelonarren erakusketa.

Leidor aretoa

Bajinaren bakarrizketak. Txalo konpainiaren emanaldia, hilaren 14an, 20:30ean.

Polleke. Zinea ikastetxeentzat, urtarrilaren 19an, goizean.

Bertso jaialdia. Txolarre irratiak antolatuta, hilaren 22an, 18:00etan.

Mintzo. Dantzaz konpainiaren emanaldia, hilaren 28an, 20:30ean.

Fronton kafetegia

Zuretzat gurekin... Javi. Atila y los Unos taldearen kontzertua, Fronton kafetegian, hilaren 14an, 23:00etan.

Musika Eskola

Musika Banda. Errege eguneko Tolosako Musika Bandaren kontzertua, bihar, Musika Eskolako areto nagusia, 18:00etan.

Haur liburutegia

Ipuin kontaketa. Miriam Mendoza egongo da ipuinak kontatzen, hilaren 20an, 18:00etatik aurrera.

Bonberenea

Berri Txarrak. Hilaren 14an, 22:30ean.

Split 77. Hilaren 15ean, 22:30ean.

Bad Sound System, EKD (Japonia) eta Dandy Dj Set (Japonia). Hilaren 16an, 20:00etan.

Vomito eta UK Bill. Hilaren 21ean, 22:30ean.

Afro brasildar festa. Hilaren 22an, 22:30ean.

Hesian. Hilaren 28an, 22:30ean.

Besteak

Errege kabalgata. Gaur, 18:30etik aurrera.

Ero-Etxe elkartearen krosa. Hilaren 23an izango da.

Tolosa Kantari. Hilaren 29an, ohi bezala Tontokaletik abiatuko dira 12:00etan, Alde Zaharrean zehar kantu jira egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!