Abenduaren 26an omenduko du Tolosak Xabi Alonso

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 15a

Xabi Alonso futbolari tolosarrari omenaldia egingo dio Tolosak abenduaren 26an. Udala, hainbat  eragileren laguntzarekin, ekitaldi berezia ari dira prestatzen egun horretarako, jokalariaren ibilbidean lagun izan dituen pertsonekin eta herriko gazte ugariren parte-hartzearekin.

Iragan uztailean Munduko Kopa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin, eta ordutik tolosarrari omenaldia egiteko data finkatu ezinik aritu da Tolosako Udala, «Alonsoren agenda betea dela eta». Hala, Gabonetan Espainiako Ligan egingo duten geldialdia baliatuko dute ekitaldi sorta egiteko.

Ekitaldi «herrikoia»

Bai pertsona bezala, bai eta kirolari bezala «eredu» izateagatik jasoko du omenaldia Real Madrileko jokalariak. Jokin Bildarratz Tolosako alkateak azaldu duen bezala, ekitaldi «herrikoia eta berezia izango da, bereziki gaztetxoek parte hartuko dutelarik».

Ekitaldia 11:00etan hasiko da Plaza Zaharrean. Bertan harrera berezia egingo diote, eta ondoren, udaletxeko batzar aretora igoko dira. Han futbolaren munduan harremana izan duen pertsonekin batera burutuko dute ekitaldia. «Oroigarriak izango dira, eta bere ibilbidearen irudiak ikusiko dira, txikia zenetik gaur egunera artekoak, hain zuzen. Horrez gain, beste hainbat sorpresa ere izango dira», dio Bildarratzek.

Udaletxeko ekitadiaren ondoren, Usabalen jarraituko du omenaldiak, «unerik garrantzitsuenarekin». Xabi Alonsok Shanti Txapelketari hasiera emango dio gaztetxo ugariren presentziarekin. «Horri nahi diogu eman garrantzia, Alonso herritarrekin, eta batez ere, gazteekin egoteari», gehitzen du Tolosako alkateak.

Andoni Imaz Realeko jokalari izandako tolosarra ere ari da ekitaldiaren antolaketan. «Omenaldi goxoa eta polita izango dela uste dugu. Gainera, futbolari edota klubetako presidenteek ilusio handiz jaso dute omenaldian parte hartzeko gonbidapena, eta askok baieztatu digute euren presentzia, beraz, oso gustura gaude», azaldu du.

Shanti txapelketaren hasiera

Goizean eginiko omenaldiaren aurkezpenean azaldu dutenaren arabera, Shanti Txapelketan eman zituen Xabi Alonsok lehen pausoak futbolean. Horregatik, ekitaldi nagusiena «guztia hasi zen lekuan» egitea erabaki dute.

Jokalari tolosarrak 22. Shanti Txapelketari emango dio hasiera. Aurtengoan 60 talde ariko dira, 600 gazte inguru.

Garaipenez beteriko ibilbidea

Eibarren eta Realean hainbat urtez jokatu ondoren, Liverpool futbol talde ingelesak fitxatu zuen Xabi Alonso 2004.urtean. Talde honekin Txapeldunen Liga, Europako Superkopa eta Ingalaterrako Kopa irabazi zituen. Bost denboraldi egin zituen talde gorriarekin, 2009an Real Madrilekin fitxatu zuen arte. Euskal selekzioarekin eta Espainiakoarekin hainbat aldiz jokatu du tolosarrak. Azken honekin, Eurokopa irabazi zuen 2008. urtean, eta Munduko Kopa, berriz, pasa den uztailean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!