Gure festa eroenen argazkien bilketa

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 7a

Tolosako Udala Inauteriei buruzko erakusketa bat prestatzen ari da 2011 urtearen hasierarako, eta horretarako herritarren parte-hartzea eskatu du. Herritarrek etxean dituzten argazki zahar nahiz berriak utzi ditzakete, eta ondoren, horiek Aranburu jauregian jarriko duten erakusketan egongo dira ikusgai. Era berean, erakusketarekin batera Inauteriekin loturiko hainbat jarduera ere egin nahi dituzte.

Tlsbat sailak bultzatu du Inauteriak 2011 ideia, eta Nestor Ardanaz argazkilari tolosarra ari da koordinatzen, irudien hautaketa eta tratamendua egitearekin batera. Ekimen honetan nahi duen pertsona orok har dezake parte, soilik baldintza bat bete beharko delarik, aurkezte diren argazkiak Tolosako Inauterietakoak izatea.

Argazkiak edozein eratakoak izan daitezke, zaharrak nahiz berriak, zuri beltzean nahiz koloretan, erretratuak nahiz orokorrak... guztiak dira baliagarriak ekimenaren bultzatzaileentzat. Parte hartu nahi dutenek argazkiak Kultur Etxera eraman edota jeikijeiki@gmail.com helbidera bidali besterik ez dute egin beharko, gainontzeko guztiaz antolatzaileak arduratuko baitira. Hala, argazkiak uztean, fitxa moduko bat bete beharko dute, eta horiek digitalizatu eta gero, astebetera, jabeari itzuliko dizkiete.

Askoren parte-hartzea

Proiektu honen ardatza Aranburu jauregian jarriko duten erakusketa izango da. Nestor Ardanazek azaltzen duen bezala, hau hainbat elementuz osatua egongo da: «Herritarren argazkiekin eginiko proiekzio desberdinek osatuko dute erakusketa, eta horrez gain, Inauteriei buruz hainbat herritarrei —ezagunak nahiz ezezagunak— eginiko elkarrizketak ere erakutsiko ditugu». Dena den, herritarrek parte hartzea eta euren argazkiak uztea da duten helburu nagusia: «Jende asko lotsatu egiten da erretratuak izan ohi direlako normalean Inauterietako argazkiak, baina duk denetarik nahi dugu, eta garrantzitsua da gerora ere hori gordeta

geratzeko, beraz, guztiak animatzen ditugu argazkiak uztera». Izan ere, bilduko dituzten argazki guztiak Udal Artxiboan gordeko dituzte Inauterietako bilduma osatua eratze aldera.

Herritarren argazkiak bezala, herriko argazkilarien argazkiak ere jasoko dituzte ekimen honetarako. Halaber, Tolosa & Co merkatarien elkarteak ere parte hartuko du, dendetako erakusleihoetan joko moduko bat eginez, eta Tolosaldea Tour turismo bulegoak ere bat egin du, ikusgai izango den bideo egitean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!