28. Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko jaialdiak itxi ditu ateak. Mundu osotik etorritako 19 konpainia izan dira aurten, eta denera 56 antzezlan eskaini dituzte Tolosan, eta beste 24 Gipuzkoan zehar. Japonia izan da gonbidatu berezia, bertatik etorritako lau talderen parte-hartzearekin, eta Aranburu jauregiko erakusketa berezia ere japoniar txotxongiloekin osatu dute. Bihar arte izango da ikusteko aukera.
Sariak ere eman ohi dituzte Titirijai jaialdian. Gaztetxoenak izan ohi dira sari hori ematearen arduradun, eta aurtengoan, Kataluniako Pu Sucat taldea izan da saritua. Euren Maravillas de Oriente antzezlana gustatu zaie gehien txikienei.
Etzira arte txotxongilo gehiago
Titirijai jaialdia bukatu den arren, Aranburu jauregiko erakusketa bezala, bihar arte txotxongilo antzezlanak izango dira ikusgai Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan. Izan ere, Tolosako Ekinbide Etxeko arduradunek txotxongilo taldeak oraindik ere Tolosan daudela baliatu dute emanaldi gehiago antolatzeko.
Hala, gaurkoan, De Bastiani y Puche italiarrak ariko dira. Hain zuzen ere, La leyenda del conejo volador antzezlana eskainiko dute. Bihar, berriz, Libertablas argentinarren txanda izango da. Hauek Pinocho lana eskainiko dute. Bi emanaldiak 18:00etan hasiko dira.