Eskualdeko enpresen %20k Lehiberri zentroarekin bat egitea espero dute

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 2a

Bi urte barru izango da martxan Lehiberri, Tolosaldeko Lehiakortasunerako eta Berrikuntzarako Zentroa. Eskualdeko eragile ekonomikoentzat bilgune izatea, enpresek nazioarteko lankidetza proiektuetan parte hartzea, formakuntza eta aholkularitza ematea edota enpresa proiektu berriak sustatu eta bultzatzea izango dira bere egiteko eta helburu nagusiak.

Lehiberriren bultzatzaileen arabera, barne merkatuarekiko «mendekotasun oso handia» dute eskualdeko enpresek, eta horregatik, zenbait jarduera lerro garatu nahi dituzte, «enpresen nazioarteko presentzia areagotzeko xedearekin».

Alor horrekin loturik, Hego Koreara eginiko bidaia jartzen du adibidetzat Jokin Bildarratz Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak. «Esperientzia oso baikorra izan genuen bertan, eta bide horretatik jarraitzea da gure asmoa, lurralde gehiagotara ere zabalduz».

Arlo honi «garrantzia berezia» eman nahi diote, eta horretara helburu batzuk markatu dituzte. Hala, esaterako, zentroak martxan lau urte daramatzanean, burutu nahi duten Ekintza Plan honekin eskualdeko enpresen %20k bat egitea dute helburu.

Zutabe ugari

Formakuntza izango da zentroaren zutabeetako bat. Lehiberrik kudeaketa aurreratuari buruzko kurtsoak antolatuko ditu enpresetan gabeziak konpontzeko, eta eskualdeko beharrizanetara egokituko ditu. Gainera, zentroan hezitako ikasleak zuzendaritza eta erdi-mailako postuetarako lan-poltsa osatzera pasako dira.

Bestalde, enpresen arteko elkarlana sustatzea izango da zentroaren beste helburuetako bat. Lehiberriko teknikari batek barne ekintzailetasun proiektuak koordinatuko ditu, eta ekintzaileen arteko sare bat ere sortuko dute euren esperientziak partekatu eta ezagutarazteko.

Lehiberriko teknikariak zentroan bertan ez ezik enpresetan ere emango dute aholkularitza, dauden diru laguntzen edota parte hartzea izango luketen proiektuen inguruan, esaterako. Halaber, aholkularitzan adituak direnen sare bat osatzeko asmoa ere badute; hau enpresen eskura egongo da, berrikuntza eta hobetze arloez aholkuak emateko.

Tolosaldeko enpresen bilgune izateaz gain, enpresa proiektu berrien bilgune ere izango da. Eskualdeko ekintzaileek proiektuak aurrera eraman ditzaten euren eskura izango dituzte enpresa eta berrikuntza zentroek eskaini ditzaketen laguntzak. Proiektu berritzaile hauek Lehiberrik egokitutako enpresen haztegi eta hazitegietan kokatuko dira, eta Tolosaldea Garatzeneko teknikari baten laguntza izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!